Aberri Eguneko bateratasunari eustera deitu dute

Euskal Herria Batera ekimenak bultzatutako egitasmoa babestu dute milaka herritarrek. Isilunearen ostean kantuak izan dira nagusi

Emakume bat Nafarroako bandera astintzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Erredakzioa
2020ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Ezin izan da ohiko Aberri Egun jendetsurik ospatu, baina iragan igande goizean goizetik ikurrin eta Nafarroako bandera ugari ikus zitezkeen leihoetatik eta balkoietatik eskegita. 12:30 jotzearekin batera, leiho eta balkoietara hurbildu ziren pertsona ugari, COVID-19aren ondorioz hildakoen aldeko minutu bateko isilunera. Gero Txoria txori eta Ikusi mendizaleak kantak ozen entzun ziren zenbait auzotan. Horrenbestez, Euskal Herria Batera egitasmoak arrakastatsutzat jo du eguna, eurek egindako proposamenarekin bat egin dutelako milaka herritarrek: «Urrats esanguratsua izan da aurtengo Aberri Eguna. Herritar asko gehitu da ospakizunera, bateratasun eskaintzari erantzunez, eta eragileek malgutasuna izan dute osagarritasuna bilatzeko. Komunitate bat irudikatu dugu, herri bat marraztu». Uste du bateratasuna posible dela erakutsi dela igandeko ekimenarekin, eta aurrerantzean bide horretan lana egitera deitu ditu eragileak eta alderdiak.

Alderdien mezuak

EAJren izenean Andoni Ortuzarrek irakurri zuen Aberri Eguneko adierazpena. «Euskal herritarrak zaintzea eta babestea» da EAJren lehentasun nagusia, adierazi duenez. Esan du makalaldi honetatik ateratzeko euskal erakundeek badutela gaitasuna «urratsez urrats Euskadi aske eta burujabea eraikitzera eramango gaituztenak».

EH Bilduk eta EH Baik adierazpen bateratua egin dute, eta adierazi dute koronabirusak eragindako «dramatik» ikasi egin behar dela «Euskal Herri hobe bat eraikitzeko», eta ezberdinen arteko euskal errepublika inoiz baino beharrezkoagoa dela orain. Gaineratu dute krisiak agerian utzi dituela autogobernuak dituen mugak, eta azpimarratu dute euskal erakundeek ezer gutxi egin dezaketela Espainiako eta Frantziako estatuen aurrean.

Miren Gorrotxategi Ahal Dugu-ren lehendakarigaiak adierazi du eurentzat aberria «jendea» dela. Gaineratu du «Euskadi» plurinazionala dela, eta, norberak duen sentimendutik haratago, Euskal Herri bat dagoela nabarmendu du: «Munduan kokatzen gaituen herri bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.