Harresi bat, 'oihana' ixteko

Frantziako eta Erresuma Batuko gobernuak horma bat eraikitzen hasiko dira Calaisko kanpalekuan. Migratzaileekin lan egiten duten elkarteek ohartarazi dute oztopoak «alferrikakoak» direla
Hainbat pertsona, Calaisko kanpalekuan, portura eramaten duen errepidearen ondoan, iragan urtarrilean.
Hainbat pertsona, Calaisko kanpalekuan, portura eramaten duen errepidearen ondoan, iragan urtarrilean. E. LAURENT / EFE

Adrian Garcia -

2016ko irailak 8
Ohikoak egin dira dagoeneko harresiak Europaren bihotzean, errefuxiatuen krisiak eztanda egin duenetik gero eta oztopo gehiago eraiki baitituzte iheslarien ibilbidea eteteko. Egungo krisiak arreta iheslariengan jarri du, baina askoz lehenagokoa da Frantzia iparraldeko Calais hiriko kanpalekua; Erresuma Batura iristeko helburuarekin, orain hamabost urte ezarri ziren han lehen migratzaileak. 9.000 pertsona bizi dira egun, bizi baldintza kaskarretan. Segurtasun neurri zorrotzak dituzte migratzaileek Mantxako kanala gurutzatzea galarazteko, baina are gehiago estutuko dute Calaisko oihana deituriko eremua: kilometro bat luze eta lau metro garai den harresia eraikitzeko lanak hastekotan dira.

Brexit-ak airean utzi zuen Calaisko mugaren kudeaketa hasieran, baina migratzaileen aurka egiteko azkar jarri dira ados Paris eta Londres. Robert Goodwill Erresuma Batuko Migrazio idazkariak iragarri du urte amaierarako amaituko dutela harresia. Bi herrialdeen arteko itun baten parte da; 20,2 milioi euro gastatuko dituzte portuko eta Eurotuneleko «segurtasuna bermatzeko». Hormak bakarrik 1,9 milioi euro balio du.

Harresiak ez du desberdintasun handirik ekarriko migratzaileen bizimodura. «50 bat kilometro luze eta lau metro garai den arantzadun hesia, kamerak, argiak eta abar daude dagoeneko. Indarrean dagoen segurtasun sistema zorrotz baten azken urratsa da horma», adierazi dio BERRIAri François Guennoc Auberge des Migrants erakundeko bozeramaileak. Calaisen harrapatutako migratzaileen bizi baldintzak hobetzeko lan egiten du erakunde horrek.

Agintariak trabekin eta harresiekin saiatzen dira migratzaileak blokeatzen, baina Guennoc jakitun da «alferrikakoak» direla oztopoak. «Metro batzuk harago joango dira kamioien gainera jauzi egin nahi dutenak». Noizbehinka, ehun pertsona inguruk errepidea blokeatzen dute, kamioietan ezkutatu eta Erresuma Batura iritsi ahal izateko.

Poliziak kanpalekua inguratua du, baina ez da barruan sartzen. «Haien helburu bakarra da muga zaintzea, ez migratzaileen artean segurtasuna bermatzea». Barruan gerta daitezkeen arazoez ez du ezer jakin nahi Poliziak.

Aste hasieran manifestazioa egin zuten 400 bat lagunek Calaisen, kanpalekua deuseztatzeko eskatzeko. Garraiolarien elkarteek, hainbat sindikatuk eta hautetsi politikok babestu zuten ekitaldia. «Egia da arazo batzuk sortzen dituztela, baina puztu egiten dituzte arazo horiek. Badago etekin politikoa atera nahi dionik ere, gobernua ataka larrian jartzeko».

Umeak, eskolarik gabe

Otsailean, Frantziako Gobernuak kanpalekuaren zati bat suntsitu zuen, baina ez du baztertu migratzaileen bizitokia erabat desegiteko aukera. Guennocen arabera, onura baino kalte gehiago eragingo luke horrek. «Biztanle gehienek Erresuma Batura joan nahi dute, senideren bat-edo dutelako. Haiek esan digutenez, kanpalekua desegingo balute, beste nonbait ezkutatuko lirateke, helburua bete arte». Hain zuzen, modu horretan sortu zen eremu hori, 2000ko hamarkadan, inguruko beste kanpaleku bat suntsitzean. «Kanpaleku gehiago sortuko lirateke, sakabanatuta, eta guri zailagoa egingo litzaiguke haiei laguntzea».

Auberge des Migrants elkarteak, Help Refugees elkartearekin batera, 9.000 pertsona inguru zenbatu ditu kanpalekuan. «Baldintza oso txarrak dituzte. Sute bat gertatzeko arriskua handia da». 2.500 pertsona inguru kanpadendetan bizi dira. «Gobernuak erakundeoi debekatu egiten digute aterpeak eraikitzea». Haurren egoerak kezkatzen du Guennoc. «800 adingabe daude, eta horietatik 600, bakarrik, laguntzarik gabe». Frantziako legearen arabera, ume oro dago behartua eskolara joatera, baina Calaisen beste alde batera begiratzen du. «Hogei ikaslerentzako bi gela daude bakarrik».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna