Prozesuaren mugarria

Milaka lagun elkartu dira Bartzelonan iazko irailaren 20ko atxiloketak oroitzeko. PDeCATek Kataluniari buruzko goi bilera bat eskatu du

Milaka herritar elkartu ziren atzo Generalitatearen Ekonomia Kontseilaritzaren parean, Bartzelonan. ORIOL CLAVERA.
2018ko irailaren 21a
00:00
Entzun
2017ko irailaren 20a mugarri bat izan zen Kataluniako independentzia prozesuan. Artean ez zegoen argi zer gertatuko zen urriaren 1eko erreferendumarekin, baina atzoko egunez argitu zen zein izango zen Espainiaren jarrera Kataluniako prozesuan. Egun horretan jarri zen martxan Anubis operazioa. Guardia Zibilak hamabost pertsona atxilotu zituen —gehienak, Generalitateko kargudunak—, eta 40 miaketa baino gehiago egin zituen. Erreferenduma antolatzea zen delitua. Egun horretatik aurrera etorriko zenaren adierazle argia izan zen jazotakoa. Orduan gertatutakoa oroitzeko mobilizazioak egin zituzten atzo Bartzelonan. ANC Biltzar Nazional Katalanak eta Omnium Culturalek kontzentrazio bat antolatu zuten Generalitatearen Ekonomia Kontseilaritzan, iazko irailaren 20an elkarretaratzerik handiena egin zen tokian. Ez gaituzte geldituko leloa erabili zuten.

Espainiako polizia indarrek joan den urteko irailaren hasieran egin zituzten erreferendumaren aurkako lehen ekintzak, baina hilaren 20an ikusi zen zein izango zen protagonisten jarrera. Espainiak indarra erabiltzeko prest zegoela erakutsi zuen, eta Kataluniako independentistek, berriz, mobilizatu egingo zirela.

Hogei orduz kalean

Goizean goiz hasi zen Guardia Zibila lehen miaketak egiten. Ekonomia Kontseilaritzan eta Atzerri Kontseilaritzan sartu ziren. Gertatzen ari zena ikusita, herritarrek egoitzaren aurrealdea bete zuten. Arratsalderako, 40.000 pertsona inguru batu ziren Poliziaren jokaeraren kontra eta erreferendumaren alde egiteko. CUPen egoitzan ere milaka herritar elkartu ziren, Espainiako Poliziak setiatuta eduki zuelako ordu batzuetan. Hogei orduz egon zen jendea kalean. Egun horretako mobilizazioak antolatzea leporatuta atxilotu zituzten iazko urrian Jordi Sanchez ANCko orduko presidentea eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentea. Oraindik espetxean daude, epaiketaren zain. Quim Torra Kataluniako presidenteak parte hartu zuen atzoko mobilizazioan. «Jordi-ek kalean egon beharko lukete katalanak instituzioen defentsan atera ziren lehen mobilizazioa oroitzen», esan zuen.

Atzoko elkarretaratzea baino ordu batzuk lehenago, PDeCATek Kataluniari buruzko goi bilera bat egitea proposatu zuen, Kataluniako alderdiekin ez ezik, baita Espainiakoekin ere. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko (CGPJ) hainbat kidek Kataluniako prozesu independentistaz idatzitako hainbat mezu pribatu argitaratu ondoren egin du proposamena PDeCATek. Mezu horietako batzuek irainak ere badituzte.PDeCATen ustez, «estatu krisi» baten adibide garbia dira. Torrak Carlos Lesmes Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko buruaren dimisioa eskatu du. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak, berriz, Espainiako epaileen defentsa orokorra eginda erantzun du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.