Familien ezkutuko zerak

Dolores Redondok Baztan utzi eta Galizian kokatu du 'Hori guztia emango dizut' nobela. Koro Navarrok ekarri du euskarara, Ereinekin

Dolores Redondo, aurkezpen egunean, Donostian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Gorka Erostarbe Leunda.
Donostia
2017ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Baztanen (Nafarroa) girotutako trilogiarekin —Zaindari ikusezina, Hezurren ondarea eta Eskaintza ekaitzari— izandako oihartzun mediatiko eta arrakasta komertzialaren ondotik, pertsonaiaz eta parajez aldatzea deliberatu zuen Dolores Redondo idazle donostiarrak. Galizian kokatu zuen oraintsu euskarara ekarri duten Hori guztia emango dizut (Erein) eleberria. Espainiako Planeta saria eskuratu zuen jatorrizko gaztelaniazko lanarekin: «Halako sari batek bultzada handia ematen dizu hasieran, baina ikusi dugu gerora ere liburuak oso ondo funtzionatu duela». Gaztelaniazko bertsioak hamabigarren edizioa du jada; eta Koro Navarrok euskarara ekarri aurretik, beste hamazazpi hizkuntzatara itzuli dute lana.

Aurreko trilogia gizarte matriarkal batean kokatu zuela eta honako hau «patriarkatu betean» kokatu duela nabarmendu zuen Redondok euskarazko lanaren aurkezpen egunean. Eta ez hori bakarrik, «gizonezkoak gailen diren mundu horretan, abizen nobleko familietan egon ohi diren pribilegioak eta ezkutuko kontuak» aletu nahi izan dituela. Alvarok eta Manuelek osaturiko bikoteak ematen dio ernamuina nobelari. Alvaro istripu batean hil da. Manuel, haren senarra, idazlea bera, Ribeira Sacrako lurraldera (Galizia) joango da, hangoa baitzuen familia hildakoak. Han konturatuko da bizkorregi itxi dutela kasua Alvaroren familiakoek —Muñiz de Davila—, eta bera ere ez dela ongi etorria sendian. «Familia boteretsuek egun ere nola funtzionatzen duten azaldu nahi nuen, adibideak milaka ditugu...».

Redondok aita Galiziakoa du, eta hango gizartea ondo ezagutzen duela adierazi zuen aurkezpenean. «Bitxia da oraindik Eliza katolikoak gizartean zein indar duen. Erlijioa deabrukeria kontuekin nahasten da oraindik han, ia egunero. Hori oso leku gutxitan gertatzen da: Portugalgo toki batzuetan, Italia hegoaldean, Galizian...».

Manuel idazlea izanik, «idazletzak dituen hainbat arriskuz» gogoeta egiteko ere balio izan dio lan berriak Redondori: «Idazleak badu bere munduan sartu eta errealitatetik urruntzeko arriskua. Askotan aitzakia modura jartzen du gainera bere idazle izaera, eguneroko kontuei jaramonik ez egiteko. Eta hori ingurukoei esker eta haien bizkar egiten du, gainera», egin zuen autokritika.

Koro Navarroren itzulpena «bikaina» izan dela nabarmendu zuen Iñaki Aldekoa Erein argitaletxeko arduradunak: «Oso erraz egiten du aurrera istorioak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.