Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Finala

Anaitasuna borborka jarri du bertsoaren suak

Anaitasuna kiroldegira bertaratutakoek euren beroarekin bildu zituzten zortzi finalistak, animoak goratzeko zein bertsoen kalitatea aitortzeko. Berotasunak goia jo zuen amaieran, Julio Sotok txapela janzterakoan.
Anaitasuna bete egin zen, eta erne jarraitu zuen saio osoa.
Anaitasuna bete egin zen, eta erne jarraitu zuen saio osoa. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Joxerra Senar -

2019ko martxoak 24
Ez al gara etorri ongi pasatzera?». Xabat Ilarregi finaleko bertsolari gazteenak galdera hori kantatu zion bere bikotekide Eneko Fernandezi,baina lasai aski zuzendu zezakeen itauna Anaitasunara. Zortziko txikian, bien arteko bertso saioak arratsaldeko txalo zartaradarik beroenetarikoak eragin zituen, eta modu horretan erantzun zioten bertsozaleek. Bertsoaren suak borborka jarri baitzuen Anaitasuna hasieratik bururaino, Julio Sotok txapela buru gainean jartzeraino. Eskertu zuten bertsozaleek ahalegina, eta euren beroak bildu zituen protagonistak, izan animoa igotzeko, izan saioaren kalitatea eskertzeko.

Bospasei minutuko atzerapenarekin hasi zen finala. Hainbat pankarta ikus zitezkeen. Etxarriarrek Lazkozen alde egin zuten: 2015ean hirugarren, 2017an bigarren, 2019an... kontubek atia. Handik gertu, Sotoren zaleek ez zuten aukera galdu euren mezua zabaltzeko: Ikasketek elkartuak, eta bertsoek batuak, gu gara juliogansak. Ilarregi anaiek ere izan zuten berea, eta Joanesi ere umore ukitu batez eman zioten animoa: Aupa Zikintxo, oholtza garbitu.

Itxaronaldia eten zuten lehen txaloek, oholtza gainera zortzi bertsolariak igo ahala. Kontzentrazio handia eta seriotasuna islatzen zen aurpegietan, ordura arte entsegatutako errima dantzak behingoz plazaratzeko grinaz. Bertsolari bakoitza izendatu eta aurkeztu ahala, nabaritu zen finala hasteko irrika. Animo beroetan beroenak Ilarregi anaientzat izan ziren. Finalera arteko bidean, biek elkarrekin egin zituzten saioak, bata bestearen ondoan; baina zozketaren halabeharrez, bereizita egotea suertatu zitzaien atzo. Alta, finaleko bi faboritoei, Lazkozi eta Sotori, bai egokitu zitzaien elkarren ondoan esertzea.

Protokoloen ostean, agurrarekin ekin zioten bertsolariek, eta bakoitzak angelu eta ikuspegi anitzetatik marraztu zuen finala. Agurrak amaituta, Joanes Ilarregi eta Xabier Terreros altxatu ziren eta Alaitz Rekondo gai jartzaileak errefuxiatu bat hartzeko pentsatzen ari diren adineko bikote baten rolean jarri zituen. Lehen isiltasun aldia, han-hemen eztulak eta orduan piztu zen benetako lehia, bertsoen sua, eta ez zuen etenik izan 20:45era arte. .

Gai serioagoen artean, umore printzak eskertu zituzten entzuleek. Eta saioak aurrera egin ahala, publikoaren erreakzioan bertan antzeman zen Sotoren emanaldia in crescendo zihoala. Lehenik, puntuka, Elizaren inguruko gaia egokitu zitzioenean; eta ondoren bakarka, sexuz aldatu nahi duen bilobari kantatzen dion aitonaren rola hartu zuenean. Bi amaieretan, hausnarrean zen isiltasunari txalo erauntsiak jarraitu zion. Lehen zatia amaitzerako zalantza zen nor izango zuen alboan buruz burukoan. Anaitasunak pozarren hartu zuen Rekondok Eneko Lazkozen izena ahoskatu zuenean.

Amaieran, tentsio oro desegin zen, baina kiroldegia are gehiago berotu zen. Finalista oro omendu eta goia jo zuen Sotok txapela janztean. Joanes Ilarregiren agurrak egur gehiago bota zion suari, txikitatik bertsotan aritu ostean, lehengoz bertsolari sentitu eta ametsa bete zuela kantatzean.

Bizitzari emandako txapela

Lehengo buruan txapela

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna