KRITIKA. Dantza

Naturaren parte

Blanca Li dantza konpainiaren Solstice obrako irudi bat. ARRIAGA ANTZOKIA.
Agus Perez.
2020ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun

'Solstice'



Zuzendaritza artistikoa eta koreografia: Blanca Li. Musika: Tao Gutierrez. Dramaturgia eta eszenografia: Pierre Attrait. Argiak: Caty Olive. Jantziak: Laurent Mercier. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Urtarrilak 17.

Solstizioen ideiarekin etorri da Bilboko Arriaga antzokira Blanca Li konpainia, seguruenik solstizioak urteko inflexio puntu nabarmenenak direlako bai neguan bai udan. Solstice izeneko lan honetan gizakiak naturarekin duen harremana aztertu nahi izan du Parisen finkatutako koreografo espainiarrak, Lurra jasaten ari den larrialdi klimatikoa kontuan hartuta.

Xede horri begira, hamalau dantzari eta perkusionista afrikar bat jarri ditu taula gainean —musikariak ahotsa eta harpa afrikarra ere baliatu ditu—, eta lan koreografikoan aurkitu ez duen sonoritate askoko soinu-bandan eta eremu eszeniko ikusgarrian inbertitu du Lik. Bide horretatik, hainbat izaki misteriotsu agertu dira hasiera batean leiho edo hilkutxa bertikal itxurako lau marko zeharrargiren atzean. Aurreneko pasarte horretan erdiatmosferikoa erdi inguratzailea izan da Tao Gutierrezen musika, eta hortik aurrera perkusionista agertu da, agertokiko bazter batean zuzenean jotzeko.

Alderdi eszenikoei emandako garrantziaren adibide moduan, behegain zuria gorantz kurbatua agertu da atzealdean, eta dantzariek handik egin dituzte sartu-irten gehien-gehienak, goitik irristatuz edo handik gora eginez. Bestalde, oihal zuri batzuk egon dira eskegita goiko aldetik—behera eta gora egin dute hainbatetan antzokiko ehundegia baliatuz—, eta haien gainean egin diren proiekzioek sua, itsasoa eta arroken irudiak ekarri dituzte gogora.

Dantzariak, bitartean, biluztasun itxuran agertu dira, gizakiaren izaera naturala azpimarratuz eta talde koreografiarik errazenetan ohikoak diren baliabide guzti-guztiak erakutsiz: musikaren pultsuak oinekin eta eskuen txaloekin markatuta, ahotsez eta denek batera adierazitako energia-kolpeak, hizkera artikulatu gabeko berbaldi laburrak, ariketa erritmiko kolektiboak, gorputzen alternantziarekin egindako giza frisoak...

Une jakin batean, eta musika elektronikoak lagunduta, solo bati ekin dio gizonezko batek, eta haren atzetik bikote batzuk hasi dira duo batzuk garatzen. Pasarte ezin laburrago horretan sumatu ahal izan dugu haietariko batzuen dotorezia edo, gutxienez, akrobaziarako gaitasuna, baina haizearen eszena luzearekin—egia esan, dena luzatzen zen neurrigabe— laster itzuli gara inspiraziorik gabeko jarduera figuratibora, non konposizio kolektiboek nolabaiteko balioa izan zezaketen, baina dantzak behintzat ez, askoz hurbilago geratu delako gorputz-adierazpenaren eremutik.

Amaierako eszenan, eta kostunbrismo afrikarreko pasarte ez esangarri baten ostean, ikatz itxurako hauts beltzez estali dute agertokia. Orduan, dantzariek arnasteko maskara beltzekin jokatu dute azken apoteosia, perkusio indartsua lagun eta ikusleen entusiasmozko txaloak pizteko helburu argiarekin. Hain zuzen ere, amaiera horrekin xahutu ditu Blanca Lik nire fede-gordailuan geratzen zitzaizkion azken kreditu apurrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.