Noiz sortua: 2018-12-20 00:30:00

ATZEKOZ AURRERA. Aitor eta Nextor Otaño. Grafitigileak

«Grafitiak ikusgarri egin dezake edozer»

Espraia eskuan hartu, eta ezin gelditu. Aitor eta Nextor Otaño aita-semeak elkarrekin aritzen dira grafitiak egiten: Nexgraff dira. Nork bere estiloa dauka, baina hainbat margolan egin dituzte lau eskutara.
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Andoni Imaz -

2018ko abenduak 20
Ez da ohiko irudia aita-semeak grafitiak egiten ikustea. Aitor Otañori (Pasaia, Gipuzkoa, 1973) beti gustatu izan zaio margotzea, eta, Nextor Otaño (Pasaia, 2003) semearen afizioari tiraka, elkarrekin aritu dira hormak margotzen azken bi urteetan. Haiek egindako erretratuz josita dago Pasai San Pedroko pilotalekuaren atzealdea: Joxan Artze, Mikel Laboa, Berri Txarrak...

Zuen erakusgela propioa duzue hemen.

AITOR OTAÑO: Hemen pintaketak antolatu dira, hainbat artista gaude. Askok ez dute kalean margotzen, baina koadroak edo eskulturak egiten dituzte. Gu grafitiak harrapatu egin gaitu, eta hemen aritzen gara entrenatzen.

Kalean marrazkiak egiteak baditu bere arriskuak: denborarekin, ezabatu egiten dira.

A.O.: Gure lana digitalizatu egiten dugu, eta lan hori Interneten ere bizi da. Badakigu kalean egiten dena arte efimeroa dela. Berez, dena da efimeroa, koadro bat ere bai. Museoetan mantentzen dira, mantentze lanak egiten dituztelako.

NEXTOR OTAÑO: Orain, grafitigile guztiok egiten dugu hori: margotu, argazkia atera, eta listo.

Zer ematen dizue kalean lanean aritzeak?

A.O.: Harremana daukazu kalean dabilen jendearekin, eta horrek ere bultzatzen zaitu jarraitzera.

Jendeak nola ikusten du zuen lana?

A.O.: Horrelako marrazkiak, ondo. Egongo da zikinkeria bat dela pentsatzen duen jendea, baina ez digute halakorik esaten.

N.O.: Esaten digute museo bat daukagula kalean.

Neurri handiko lanak egiten dituzue. Horrelakoetarako, nola trebatzen da eskua?

N.O.: Margotzen, tapatzen, berriro margotzen...

A.O.: Ordenagailuan diseinatzen dugu, eta teknika asko daude marrazkiak txikitik handira eramateko. Gu saiatzen gara ez erabiltzen, gure eskua eta begia entrenatu nahi ditugulako. Grafitiak daukan indarra da edozein gauza inozo, handituz gero, ikusgarria dela.

Kultura urbanoarekin lotzen da grafitia. Horren parte zarete?

N.O.: Ni rap kantarien hitzak margotzen hasi nintzen: Eminem, Tupac... Rap abesti bat entzutean, margotu beharra sentitzen dut.

A.O.: Oso ondo dago hori, baina azkenean ari gara margotzen AEBetako ez dakit zein. Nik bertakoa aldarrikatzen dut: Nextorrek margotu zuen Wiz Kalifa, eta nik Maialen Lujanbio ondoan. Hark ere rapa egiten du, ez?

Nola definitzen da estilo bat lau eskurekin?

A.O.: Ezberdinak dira gure estiloak. Orain, antzeko koloreak erabiltzen ditugu, baina eskuan, trazuan... Bereizten da nork egin duen.

Nola hasi zineten elkarrekin?

A.O.: Nik ingeniaritza ikasi nuen, baina izan nuen nire krisia, margolaria izan nahi nuelako. Irakaskuntzan lanean hasi nintzenean, pentsatzen nuen arratsaldeetan astia izango nuela margotzeko, baina, duela bi urtera arte, ez nuen ezer egin. Orduan, Nextor hasi zen esaten grafitiak egin nahi zituela.

N.O.: Eta egin nituen.

A.O.: Ikastaro batean eman zuen izena, eta, jendea behar zutenez, ni ere joan nintzen. Ordutik ez gara geratu.

Irudi bitxia da aita-semeak grafitiak egiten ikustea.

A.O.: Uste dut irudi horrek saltzen duela, erakargarria dela.

N.O.: Hasieran, esan zuenean ikastarora zetorrela, pentsatu nuen: «Bai zera!».

Orain asko margotzen duzue, enkarguak jasotzen dituzue… Badago aukerarik?

A.O.: Baina ez dugu dirurik irabazten. Euskal Herrian atzeratuta gaude horretan. Baina badaude grafitigileak, badago jende oso ona, eta badago aurrera egiteko aukera. Baionako jaialdiak, adibidez, jendea erakartzen du. Etxe arrunt bat zerbait ikusgarria bilaka dezakezu fatxadan zerbait eginez gero.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Andoni Imaz

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna