Koronabirusa

Datorren astearen amaieran hasiko dira maskarak ekoizten Etxebarrin

Mondragon Assemblyk hiru makina ekarri ditu Txinatik, eta iragarri du gehiago egingo dituela. Ekainean beste hiru makina ekarriko dituzte

Makinak Etxebarrira iritsi zirenekoa, atzo goizean. Cikautxo kooperatibaren egoitzan jarri dituzte. LUIS TEJIDO/EFE.
aitor biain
2020ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Bexen Medical enpresak Euskal Herrian ditu jada maskarak ekoizteko beharrezko gailu eta material guztiak. Atzo goizean iritsi ziren Etxebarrira (Bizkaia) Mondragon Assemblyk Txinako lantegian egindako hiru makinak. Behin horiek muntatu eta dena espero bezala doala ziurtatu ondoren, kooperatibak espero du datorren astean hastea maskarak egiten. Enpresaren helburua da sei hilabetean 60 milioi maskara egitea, martxoan Espainiago Gobernuak egindako enkargu bati erantzuteko.

Mondragon taldeko beste enpresa baten egoitzan jarri dute makineria oraingoz: Cikautxo kooperatibaren gela zuri batean, hain zuzen ere, medikuntzarako produktuak ekoizteko baldintza jakin batzuk dituen areto batean. Bertan ekoitziko dituzte maskarak Bexenek Hernanin (Gipuzkoak) duen bere egoitzan gune bat egokitu arte; sei edo zazpi hilabete beharko dituzte horretarako.

Egunean 350.000 maskara inguru egingo dituzte, eta, horretarako, 25 behargin etengabe ariko dira lanean, lau txandatan banatuta, Carlos Arsuaga Bexen Medicaleko zuzendariaren hitzetan. Enpresak 1,2 milioi euroko inbertsioa egin du, eta, Espainiako Gobernuaren eskaerari erantzun ostean, maskaren ekoizpenari eustea da asmoa.

Kooperatibak ekoitziko dituen maskarak babes maila handienekoak dira, eta erabilera bakarrekoak. Ospitaleetako ebakuntza geletan erabiltzen dituzte, batez ere. Egun, Txinatik ekarritako maskarek 0,8 eta hiru euro bitartean balio dute. Prezioa Madrilek zehaztuko du aurrerantzean, baina Arsuagak ziurtatu du egungo kopuruekin alderatuta «oso lehiakorrak» izango direla Euskal Herrian ekoitziko dituztenak. Bexen Medical enpresa osasun arloko babes materiala ekoizten du, eta, makina horiei esker, Europako maskara ekoizlerik handienetako bat bihurtuko da enpresa.

Makina gehiago ekainean

Maskaren eskaera handia dela eta, Assemblyk makina gehiago egiten jarraituko du. Hala iragarri du Luis Mari Imaz Mondragon Assembly kooperatibako zuzendari nagusiak: «Maskaren eskaera oso handia dela eta, luze gabe makina gehiago egitea da enpresaren asmoa, ekoizpen ahalmena hobetu ahal izateko». Imazek erantsi du datozen egunak lan handikoak izango direla; bada, egoera horri aurre egiteko, lau langile lekualdatu ditu Txinatik Euskal Herrira. «Ekoizpen gaitasuna hobetzen saiatuko gara».

Eusko Jaurlaritzak iragarri du, hain zuzen, ekainean beste hiru makina ekarriko dituztela Txinatik. Haiei esker, ekoizpen gaitasuna bikoiztuko du Bexen Medical kooperatibak: hilean hamar milioi maskaratik hogei milioi maskarara pasatuko da. Erdiak izango dira Arabarentzat, Bizkairentzat eta Gipuzkoarentzat; gainerakoak, Espainiarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.