Erlijio orduak gutxitzeko eskatu dute Nafarroako laukoteko hiru taldek

EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak erregistratu dute proposamena; Geroa Baik ez du sinatu

Erlijio eskolen orduak murriztea legeak ahalbidetzen duela diote lege proposamenaren sinatzaileek. FRANCO SILVI / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Erlijio ikasgaiak Nafarroako hezkuntzan duen pisua murrizteko eskatu dute EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. Lege proposamena erregistratu zuten atzo Nafarroako Parlamentuan. Hiru taldeek eskatu dute erlijioak eta haren ordez eskainitako ikasgaiek legeak ezarritako irakastordu gutxienak izan ditzatela. Nafarroako akordio programatikoko laugarren taldeak, Geroa Baik, ez du sinatu proposamena, «baldintzak» betetzen ez direla argudiatuta. Lege proposamena onartuko balitz, erlijio ikasgaiak bi ordutik bakarrera murriztuko lirateke Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, eta hiru ordutik batera Batxilergoan. Irakastaldi horretan aukerako ikasgaia da erlijioa.

Bultzatzaileek adierazi dute Nafarroako Gobernurako akordioan idatzia dagoela lege proposamena aurkeztea. Hala, deitoratu egin dute Geroa Baik hura ez babestea, eta zehaztu dute ez dutela jaso haien azalpenik. Prentsaurreko bateratua egin zuten atzo EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. Maria de Simon Ezkerrako parlamentariaren esanetan, eskola curriculumean erlijio konfesionala ez emateko «legezko bideak bilatzea» adostu zuen lauko gobernuak. Alabaina, zehaztu du horrek ez duela esan nahi «erlijioaren egitatea» irakatsiko ez denik.

Hiru taldeek uste dute aurrera egiteko adinako babesa izango duela proposamenak, PSNren onespena izango duelakoan baitaude. Esther Korres EH Bilduko parlamentariaren arabera, «eskolatik kanpo» egon behar du erlijioak; argudiatu du «etxean lantzeko gaia» dela. Halaber, Nafarroak erabakimenik ez duela azpimarratu du: «Tamalez, Espainiako Gobernuak ez digu uzten Nafarroan erabaki propiorik hartzen, eta, hala, erlijioa ikasgeletatik ateratzen». Alabaina, Korresek adierazi du legediak ahalbidetzen duela ordu kopurua murriztea, eta hori «praktikara eraman» behar dela.

Antzera mintzatu da Tere Saez Ahal Dugu-ko parlamentaria ere. Haren esanetan, «eskola publiko laikoa» babesten du bere taldeak: «Kontzientzia pertsonaleko zerbait izan behar du, baina inola ere ez ikastetxe eremuan jorratzen den doktrinamendua». Lege proposamenak helburu hori berresten duela gaineratu du De Simonek: «Pauso bat da hezkuntza publikoaren laikotasunerantz, eta funts publikoetatik diru laguntzak jasotzen dituzten zentroei ere eragiten die».

Egokitzapen beharra

Proposamenak aurrera egiten badu erlijio irakasleen egoera berraztertzea Iruñeko artzapezpikutzari dagokiola uste du Saezek. Hala, adierazi du hori ez dagokiela bultzatzaileei: «Birziklatze formulak aztertu beharko ditu. Ordu horiek bikainak dira herritartasun eskolak emateko».

Lege proposamenaren aurka mintzatu dira UPN eta PP. Ana Beltran Nafarroako PPren presidenteak adierazi du bere esku dagoen guztia egingo duela ekinaldia geldiarazteko: «Alderdi horiek Nafarroako familien%67ri kalte egitea saihestu nahi dugu».

UPNko parlamentari Alberto Catalanek erlijio katolikoa eskoletan ematen jarraitzeko eskatu du. Halaber, adierazi du alderdi politikoek «bermatu beharra» dutela familiek aukeratu duten hezkuntza jasotzea, «haien postulatuak inposatu beharrean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.