Jule Goikoetxea.
Kataluniako erreferenduma. Euskal Herria. IRITZIA

Euskal Errepublika

2017ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Bartzelonatik ari naiz idazten, eta ezinezkoa da aurreikustea datozen orduetan gertatuko dena, baina egin dezagun ahalegina, eta zirriborra dezagun agertoki probable guztien artean moderatuena.

Demagun Kataluniaren independentziaren aldeko bozak irabazi duela eta/edo independentzia aldarrikatu dutela: Espainiak ez du sezesioa era negoziatuan bideratu nahi, Kataluniak orduan ez du egokitu zaion espainiar zorra ordainduko, baina Batasunak (Merkelek) negoziaziora behartuko du Espainia. Batetik, Alemaniari eta beste hainbat estatu-kideri eragiten baitio espainiar zorrak; eta, bestetik, ez zaielako interesatzen, arrazoi komertzial eta finantzarioak direla eta, Katalunia Batasunetik kanpo geratzea. Horren guztiaren ondorioz, Espainiak Kataluniarekin negoziatuko du. Kanpo ardatzean, agertoki horrek bidea erraztuko liguke, independentziaren alde egingo balu gure herri txikiak.

Barne ardatzean: Katalunia joaten bada, Espainiaren BPG per capita Ziprerenaren antzekoa izango da, espainiar sistema ekonomikoak maila produktibo baxua duelako, eta horrek gizartearen ezagutza maila murrizten du (ez per se, baizik eta Europa kapitalista honetan). Gurpil zoroa eragiten du horrek: gizarteak geroz eta ezagutza (ikasketa) maila baxuagoa, bada, orduan eta balio erantsi baxuagoko produktuak sortzen ditu, hots, aberastasun gutxiago, eta horrek, aldi berean, Estatuaren diru sarrerak murrizten ditu, eta, beraz, ezin du gizarte zerbitzuetan inbertitu, kohesio soziala murriztuz, bazterketa eta pobrezia areagotzen dira, eta Espainia estatu bideragaitza bilakatu.

Horrek guztiak Espainiaren erreforma politiko/konstituzionala ekarriko luke. Bi gauza gerta daitezke ardatz honetan: estatu unitario bilakatu, erkidegoak kenduz edo kendu gabe horiek indargabetuz, ala federazio bat bilakatu (baina federazio litzateke soilik formaz, ez baitute kultura federalik).

Hortaz, zer eragin izango du gurean Espainiaren hondamendi ekonomikoak eta horrek eragindako erreforma politikoak? Espainiak EAJrekin negozia dezake EAEn eta Geroa Bai/Podemosekin NFEn, itun ekonomikoa mantentzeko, independentziaren alde ez egitearen truke. Beti bezala jarraitzearen truke, orain arte bezala jarraitzea, alegia.

Ergela dirudi, baina ergelkeria da gizakiok soberan dugun gauza bakarra.

Bigarren aukera da itun ekonomikoa kentzea, hots, Espainiak gure ekonomian duen esku-hartzea are gehiago areagotzea, Estatutua (berri bat edo zaharra) errespetatzearen (self-rule) eta EAJri Espainiar gobernantzan zeresan handiagoa (shared-rule) ematearen truke. Ergelkeria eta horrek dakarren subordinazio politikoa zetaz beztitzea, alegia.

Laburbilduz, bi dira agertoki posibleak, Espainian jarraitzen baldin badugu: frankismoanormalizatu ala euskal subordinazioa normaltasun foral bilakatu.

Hori bai, injustiziari aurre egin eta desobedientzia instituzionala eta zibila abiatzen badugu, orduan, Kataluniakoak gurean izango duen eragina gure esku egongo da, ez Espainiaren, alderdi baten edo elite batzuen esku. Eta eragin hori Euskal Errepublikaren sorrera izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.