Joxe Azurmendiren obrari etekina atera nahian

2019ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Euskal historiarekin kritikoa da Azurmendi, eta Espainiaren historiarekin ere bai. Hemen, Espainiaren azken bi mendeetako historiari egindako kritikara mugatuko gara labur-zurrean, eta, ondotik, egun-biharkora etorriko gara.

Nolako iraultza burgesa izan zen Espainiako Independentzia gerra deiturikoa? «Iraultza bat iraganaren alde», dio Azurmendik. Frantziako tropek Espainia osorik hartu zutenean, Fernando VII.ak abdikatu zuen Baionan, eta ilustratu espainiar puntakoenak antiabsolutistak ziren (despota ilustratuaren aldeko, baina) eta frantziartuak zeuden, eta Jose Bonaparteren kolaborazionistak izan ziren. Frantzian Luis XVI.ari eta Maria Antonietari lepoa moztu zieten; Espainian? Frantziarren inbasiopean, frantziarren aurka definitu beharra izan zuen iraultzak, eta frantziarra izateak berekin zekarren guztiaren aurka. Iraultza eskuindarra, funtsean; Francorekin gertatu zen bezala, aldeak alde.

Jose Alvarez Junco historiako katedradunak honela dio: «Zaila da ukatzea oinordekotzaz jasotako erlijioaren aldeko aldarriak nagusitu egin zitzaizkiela iraultzaile ateoei, behe kleroaren aldarriak bereziki; hain zuzen, frantziarrek eta haien kolaboratzaileek matxinadaren bultzatzaile nagusi gisa salatu zuten klero hori hasiera-hasieratik».

Azurmendirentzat, Independentzia gerra deritzana mitologia nazional espainiarraren asmazio bat da: «Aitortu beharrekoa ematen du: hasteko, inbasorerik ez zegoela; gero, herriaren altxamendu espontaneoa elizak eta nobleziak xaxatu eta antolatua izan dela; eta, amaitzeko, gerra krudel hori gurutzada erlijioso bat izan dela, Errege-erregina Katolikoen eta Filipe II.aren tradizio espainiarrik hoberenean, zer eta pentsamendu ilustratu-jakobino modernoaren inbasioaren aurka». Horixe dago, bada, estatu-nazio espainolaren eraikuntzaren hasmentan. Eta haren bilakaeran?

Zer eragin izan du estatu-nazio espainolaren eraikuntzak galiziar, katalan eta euskal nazioentzat? Liberalen asmakizuna den estatu-nazioaren kontzeptua XIX. mendetik hona esperimentu txarra izan dela dio; izan ere, Antzinako Erregimeneko gorputz politikoa, monarkaren buruan bateratzen zena birpentsatzean, gorputz mistikoa hartu zuten erreferentziatzat, estatu-nazioa eliza nazional bihurtuz, dogma eta inkisizio guztiekin. Nazio espainiar berriari komeni bezalako historia asmatu zitzaion, aurrerapenarekin lotuz eta gainerako herriak mespretxatuz. Orain, nahitaez, espainiarra izan beharra dago, eta Espainiaren esentzia ez da inoiz katalana, galegoa edo euskalduna, baizik eta gaztelarra. Kultura eta memoria historiko bakarra: konstituzio bat, hizkuntza bat (beste hizkuntzak toleratu egiten dira, baina bakarra inposatzen eta lehenesten, besteak ahulduz eta galbideratuz).

Eta Espainiaren ezina, Espainia benetan federala onartzeko. Zer izan da estatu moderno espainiarraren sorkuntza Azurmendirentzat? «Gurutzada basati bat, berdin erlijiosoa erlijio laikoz orain, berdin krudela eta suntsikorra, berdin dogmatikoa. Eta XI. eta XII. mendeko gurutzadak gustuko ez baditugu, zergatik gustatu behar zaizkigu gurutzada liberalak?»

Etorkizunari begira zer? Hizkuntza, Nazioa, Estatua (2017) liburuan, esan digu independentismoa, beste itxaropenik ez denean, azken esperantza dela. Espainia eta Frantzia hain zentralistak eta jakobinoak izango ez balira, beste planteamendu batzuk posible izan litezke, benetako federalismoaren edo konfederalismoaren ildotik.

Frantzia eta Espainiaren artean komunitate txiki diferentziatu batek bizirik irauteko separatismoa da salbazioa, Azurmendiren ustez. Bestela, estaturik gabeko beste nazio guztien bidetik joango da gurea ere andeatzen, desegiten eta desagertzen.

Jakina. separatismoa ez da harremanik ez izatea, burujabetasuna baizik: «Ez-dependentzia Parisek eta Madrilek gure zeregin guztietan esku hartu behar horretatik, Espainiako justizia zikin politikotik, Torturaren Barne Ministeriotik. Ez-dependentzia gure lana, ekonomia, hezkuntza eta osasunbidea erabakitzeko. Guretzat hoberena zer den geuk erabakitzea. Erantzukizuna geurea izatea».

Ikusi berri dugu estatus politiko edo estatutu politiko berriari buruz zer adostu duen %80an, EAJ-PSE-Podemos gehiengo berriak, EAJ-EH Bildu gehiengoak adostutako oinarri konfederalak bazterturik EAJk. Azurmendiren hitzek argitasun bikoitza hartzen dute. Egungo statu quo-aren bermatzaileak nola izango dira gauza hura hautsi eta beste bat, Euskal Herriarentzat demokratiko(ago)a, abian jartzeko?

Azurmendiri eskertu behar diogu historia eta politika eta beste gauza asko geure euskaldun begiz ikusteko egindako lana, eta baliatzen saiatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.