Donostiako 55. Jazzaldia. KRITIKA. Donostiako 55. Jazzaldia

Jazz ausartaren gaua

Marco Mezquida pianista, Trinitate plazan, joan den igandean. JON URBE / FOKU.
2020ko uztailaren 28a
00:00
Entzun

Marco Mezquidaeta Rymden

Lekua: Trinitate plaza, Donostia. Eguna: uztailaren 26a.

Ludwig van Beethovenen konposizio batzuetatik zenbait zati hartu, eta collage moduan jazzarekin nahastu; hori izan da kontzertuaren asmoa. Marco Mezquidaren (Menorca, Herrialde Katalanak, 1987) inspirazioaren galbahetik pasatu, eta hori da hori ezusteko emaitza musikala! Beethovenen pianorako kontzertuarekin hasi, eta bosgarren eta zazpigarren sinfonietako doinuekin jolastuz aritu dira musikariak. Mezquidak azaldu du ez duela bataren ala bestearen lurraldean denbora gehiegi luzatu nahi. Klasikotik jazzera pasatu da berehala, eta handik gutxira itzuli da oinarri gisa hartu duen Beethoven handiaren musiketara. Proposamen ausarta, zalantzarik gabe.

Ondo baino hobeto lagundu diote laukoteko musikariek: Xirgu, bateriarekin zehatz baino zehatzago; Kamaguchi, baxuarekin jostagarri; eta ezinbestekoa Pablo Selniken txirularen doinua klasikora joateko, Beethovenera itzultzeko alegia.

Mezquidak sekulako jakinduria eta tresnaren ezagutza teknikoa erakutsi ditu. Hasieratik agertu du bere proposamena ez dela txantxa bat. Klasikoaren ezagutza du, eta sekulako lana egin behar izan du proposamen hau erakusteko. Ikusgarri aritu da pianoa jotzen; hatz zehatzak eta azkarrak ditu. Sorkuntza itzela erakusten du gazte honek. Jazzaldian beste bi proposamen erabat ezberdin aurkeztu ditu. Hirugarren honekin behintzat, ikusleen miresmena jaso du.

Espaziora bidaia

Rymden espazioa omen da, espazio siderala, alegia. Eta hori da hirukote honek aurkeztu duen lanaren izena. Eskandinaviar musikagile abangoardiakoak dira hiru musikariok. Wesseltoftek (Porsgrunn, Norvegia, 1964) gutxitan ikusten den indarrez eta kemenez jotzen ditu pianoa eta teklatuak. Berglundek (Pilgrimstad, Suedia, 1963) lurraren usaina zabaltzen du baxuarekin —agian beste planeta batzuena ere bai, nik lurrarena baino ez dut ezagutzen—. Magnus Ostrom (Vasteras, Suedia, 1965) bateriarekin, zehatz, lasai behar denean, eta indartsu besteetan, sekulakoak egin ditu soinu efektuak erabiltzean, doinuen, perkusioaren kolpeen transformazio sideralak lortuz.

Jazz garaikidea izan da plazan; Nu Jazzetik datozen musikariak dira, eta jotzeko era sendoa eta sortzailea dute. Espazioan bidaia egiteko sosegu amaigabe bat erakutsi dute, sosegu erritmikoa, lasaitasun ederrekoa, hausnarketara gonbidatzen duena. Baina, bat-batean, sosegu hori ekaitz bihurtu da, eta Jainko-planetak amorruz mintzo direla dirudi. Hodeiertz ezberdinak sumatzen dira. Bagoaz bide amaiezin batean. Batzuetan, film sakon baterako idatzitako musika dirudi. Besteetan, haserrearen eta kasik bortizkeriaren burrundaren barreneraino garamatza musika honek. Rymden, espazioa.

Kontzertu bikain horrekin amaitu da aurtengo Jazzaldia. 55 edizioa, ahaztezina izango den edizioa. Bizirik gauden aldarriarekin hasi ziren musikariak lehen egunean, eta, espazio sideralera daraman musikarekin amaitu da. Antolatzaileek ez dute meritu makala izan aurtengo edizioa prestatzerakoan. Ikusleok musukoekin izan gara une oro, eta ikasi dugu posible dela musukoak neurri-neurrian kenduz gero edaten(zaindari zorrotzak genituen). Eta, jaun-andreok, ez du euririk egin! Eta hori, Trinitate plazan behintzat, oso-oso eskertzekoa da. Gora Jazzaldia!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.