Koronabirusa

Manifestazio batera deitu dute osasun publikoaren alde, maiatzaren 22rako

Atxikimendu ugari bildu ditu Osasun Publikoa Aurrera plataformaren manifestuak. Eskatu dute pribatizazioak eta murrizketak amaitzeko

Plataformako kideak, atzo, Gasteizen egindako agerraldian. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2021eko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Arabako osasun arloko eta eremu soziosanitarioko hainbat langilek eta erabiltzailek Osasun Publikoa Aurrera plataforma eratu zuten joan den martxoan, osasun publikoari bultzada emateko. Atzo, komunikabideen aurrean egindako lehen agerraldian, Arabako osasun publikoaren aldeko manifestua aurkeztu, eta maiatzaren 22rako manifestazio batera deitu zuten. Agerraldian nabarmendu zutenez, pandemiak azaleratu egin ditu osasun publikoak lehendik zituen arazo eta gabeziak, eta beharrezkotzat jo zuten osasun publikoaren «defentsa irmoa» egitea. Horregatik, bi ekinbide martxan jarri dituztela jakinarazi zuten: batetik, osasun publikoaren aldeko manifestu bat landu dute, eta zenbait eragileren atxikimenduak biltzeari ekin diote; eta, bestetik, maiatzaren 22rako manifestazio batera deitu dute Gasteizen.

Maite Alonso, Naroa Hernandez eta Aitziber Rodriguez plataformako kideek azaldu zituzten manifestuaren edukiak. Adierazi zutenez, pandemiaren aurretik osasun publikoak egoera «ahula» zuen, urteetan egindako murrizketen ondorioz. Hala, egungo osasun krisitik atera nahi bada indarrean dauden politikak errotik aldatu behar direla azpimarratu zuten: «Egoera honetatik sartu ginen baino hobeto atera nahi badugu, ezinbestekotzat jotzen dugu gizartea mobilizatzea eta epe motzeko politikek, pribatizazioak eta inbertsiorik ezak sortzen dituzten arazoen kontzientzia hartzea». Salatu zuten lehen mailako arreta izan dela Osakidetzaren inbertsio politiken «biktima nagusia», eta beharrezkoa dela hura «berreraikitzea». Horrez gain, ohartarazi zuten administrazioek bazter uzten dutela osasun mentala, eta uko egin diotela eremu soziosanitarioaren gaineko kontrol publikoari.

Orain arte, Arabako berrogei eragileren baino gehiagoren atxikimendua jaso du manifestuak, baina plataformako kideek iragarri dute babesak biltzen jarraituko dutela hilaren 22ra arte. Hain justu, egun horretan manifestazio batean parte hartzera deitu dute Gasteizen; 18:00etan abiatuko da, Bilbo plazatik. «Kalera aterako gara, ziur baikaude ez garela pandemia honetatik hobeto aterako pandemiaren aurretik egiten ziren gauza berak eginez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.