Iñaki Arkauz. Arregi landa etxearen arduraduna

«Baikorra naiz, eta uste dut urtea salbatuko dugula»

aitor biain
2020ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Aste Santua garai aproposa izaten da landa turismoarentzat, eta aurten ere aurreikuspen onak zituzten Arregi landa etxean, Oñatin (Gipuzkoa). «Garai hauetan beti gaude beteta: %80ko okupazioa izaten dugu gutxienez Aste Santuaren bueltan eta abuztuan», azaldu du Iñaki Arkauz etxearen arduradunak. Martxoaren bigarren asteaz geroztik itxita dago, ordea, eta Aste Santu ostera arte edo maiatzera bitarte hala eutsiko dio, horrek dituen ondorioekin. «Galera handia da guretzat».

Erreserba ugari bertan behera utzi behar izan dituzte: martxoaren bigarren hamabostalditik hasi eta apirilera bitarteko denak. «Momentuz, maiatzekoei eusten diegu, baina ikusiko dugu egoerak zein bilakaera izaten duen». Arregi landa etxearen kasuan, halere, inguruko enpresetara joaten diren bistari andana izaten dituzte urte osoan zehar; baina, batez ere, neguan. Eta, horri esker, egoerari aurre egiteko moduan dira orain. «Gehienbat etxekook egiten dugu lan, amak eta biok; beraz, eusteko moduan gaude momentuz». Astean tarteka laguntza izaten dutela adierazi du Arkauzek, eta langile bat kontratatzen dute horretarako. Krisiaren eraginez, ezin izan diote kontratua berritu, ordea. «Astean ordu batzuk egiten ditu, eta martxoan amaitzen zitzaion kontratua, baina ez berritzea erabaki dugu».

Egoera hobetzean eta neurriak arintzen dituztenean hartu beharreko neurriek kezkatzen dute Arkauz, batez ere. «Konfinamendua arintzea gauza bat da, eta gurearen moduko negozioak erabateko jarduerara itzultzea, beste bat». Baikorra da, halere, eta uste du maiatzean egoera bere onera itzuliko dela. «Ekainerako erabateko jarduna izango dugulakoan nago; beraz, uste dut urtea salbatuko dugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.