Alemaniako hauteskundeak. Emaitzak

Mamua eraikinean sartu zaie

Eskuin muturrak hirugarren indar moduan parlamentura egiteak shock egoeran utzi ditu gainontzeko alderdiak Alemanian. Merkelek ez du gobernua osatzeko sozialisten aukera baztertu nahi oraindik

Mamua eraikinean sartu zaie.
Danel Agirre.
Berlin
2017ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Ia lau urte idatzita zeramatzan albistea bazen ere, Alemaniarentzako Alternatiba (AFD) alderdiak parlamentura egin izanak igande fresko eta euritsua izaten ari zena zeharo izoztu zuen ilunabarrean. CDU/CSU laugarrenez jarraian hauteskunde federaletan aise gailendu, eta liberalek, berdeek eta Die Linkek emaitzak hobetu bazituzten ere, apenas nabari izan zen festarako kemenik lau alderdi horietan. AFDrekin Bundestag partekatuko duten bost indarrek barneraturik dute legealdiarekin aro berria hastera doala, zaratatsua eta ezatsegina. Bigarren Mundu Gerraz geroztik lehenbizikoz, 93 eskuin muturreko ordezkari aukeratu ditu Alemaniak.

«Merkel ehizatu dugu», izan zen Alexander Gauland AFDko hautagaietako baten mezu mehatxaria emaitzak jakin bezain laster. «Gure herria berreskuratzera goaz», jarraitu zuen erronkari. Alderdiaren lehenbiziko proposamena kantzilerrak errefuxiatuen aferaren inguruan izandako jarrera aztertzeko batzorde berezi bat proposatzea izango dela aurreratu zuen. Nekez onartuko dute parlamentuko gainontzeko indarrek halakorik.

Merkelek ez zion Gaulandi bazkarik eskaini nahi izan, eta bateratzaile azaldu zen atzo prentsaren aurrean egindako agerraldian. Bozetara aurkezterako azken lau urteetan gertatutakoa barneraturik zuela adierazi zuen, eskuin muturrarekin bizikidetza datorrela bezalaxe.

Autokritikari ia guztiz izkin eginda, Merkel AFDren hazkundearen erantzule bihurtu nahi izan zuena Martin Schulz izan zen. Porrot historikoa murtxikatu ez, eta kantzilerraren eztabaida publikorako grina eskasari egotzi zion igande gauean gertatutakoa SPDren hautagaiak. Merkel lider kaskartzat duela adierazi zuen, sozialistek harekin lau urtez koalizioa partekatu berri badute ere.

Alemanian arratsaldeko seietan itxi ohi dira hauteslekuak. Telebista publikoak hamarkadetan findu duen zundaketari esker, ordu horretan bertan eskuragarri izaten dira behin betikoengandik pare bat hamarreko baino desbideratzen ez diren emaitzak. SPDk arratsaldeko seiak eta bederatzirako iragarri zuen datorren lau urteak oposizioan emango dituela. Schulzek ez zuen dimisiorik eskaini. Sozialistak atzo eztabaidatzen ari ziren lehenbiziko erabakiak, azken legealdian enplegu ministro izan berri den Andrea Nahles bozeramaile ipintzearenak, ez zuen harrera berorik izan. Alderdiko beteranoa da Nahles, politikatik at beste ogibiderik izan gabekoa.

SPDk bere burua baztertuta ere, koalizioa berriz egiteko aukera oraindik mahai gainean dagoela adierazi zuen atzo Merkelek. Datozen egunetan eseri nahi luke sozialistekin. Jokatzen hasterako karta gabe ez geratzeko saiakera baino ez dirudi. Igandeko emaitzak kontuan izanda, askoz naturalagotzat jotzen da demokristauek, liberalek eta berdeek ituna osatzea. Bi alderdiekin negoziaziogorabeheratsuak espero dira, eta SPDren aukera gordeta duenaren ilusioa bizirik nahiko du Merkelek, egun gutxiz bada ere.

Kontzesioak ezker-eskuin

Koloreen arabera koalizio politikoak izendatzeko tradizioa dago Alemanian. Jamaika deitzen zaio CDU/CSU beltzak, Die Gruene berdeak eta FDP horiak osatutakoari. Maila federalean sekula gertatu gabekoa da. Hiru landetan bai: Hessen, Saarland eta Schleswig-Holstein. Saarlandeko gobernuak ez zuen legealdia bukatzerik lortu.

Berdeen eta liberalen arteko errezeloa historikoa da. Hautesleria gaztea dute biek, alderdi modernoaren irudia, baina hainbat gaietan iritzi kontrajarria ere bai. Klima babesteko neurri zehatzik gabe, Jamaikarik ez dela egongo aurreratu zuen atzo Cem Oezdemir berdeen bi zerrendaburuetako batek. Liberalek, ordea, ingurumena zaintzeko araudiek ekonomiari kalte egiten diotela deitoratu ohi dute. Alemaniak har ditzakeen errefuxiatu kopuruari mugak jartzearen aldekoak dira horiak. Berdeak asilo eskubidea guztiz bermatzea exijitu dute programan, eta Alemanian etorkinekin jarrera irekiena duen alderdia dira. Merkel gehien kezkatu behar duen desakordioa Europarena da halere. FDPk kideak bi abiaduretan banatzea ez lukeela gaizki ikusiko iradoki du kanpainan. Berdeek, aitzitik, Alemania askoz solidarioago bat proposatu dute.

Merkelek ezker-eskuin aritu beharko du Jamaika koalizioak funtzionatuko badu. Bere alderdian ere, baditu asebete beharreko ahotsak. Horst Seehofer Bavariako presidenteak (CSU) demokristauek «eskuinerantz estali gabe utzi duten espazioa» itxi behar dutela aldarrikatu zuen, immigrazioaren aurkako neurriak zorroztuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.