Oihana Elduaien Uranga.
HIZPIDEAK

Bederatzi gizon, hiru emakume

2023ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Bederatzi gizonezko eta hiru emakumezko. Horra argazkia. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hainbat erakundetako kideek atzo sinatu zuten indarkeria matxista jasan duten emakumeen arreta hobetzeko hirugarren akordioa. Erakundeetako ordezkarien argazkia da; haiek sinatu baitzuten akordioa, eta argazki hori eraikitzea erabaki baitzuten komunikazio kabineteek. Errealitatea ezin argiago erakusten duen argazkia, gai ezin desegokiagoan aterata.

Erakundeei ondo etortzen zaie egiten ari diren lana hauspotzea, baina, sarri, horretarako modurik onena ez da hango buruak argazkian jartzea. Izan ere, argazki horrek argi erakusten du zein normaltzat hartzen den gizonezkoak emakumezkoak baino gehiago izatea foro gehienetan, foro horretako gaia edozein dela ere. Eta hori arazo bat dela ez ohartzea bera ere problema bat da. Atzeraka beharrean aurreraka eragiten duten argazkiak ere pentsatu behar baitira.

Itxurakeriarik gabe, baina itxura ere zainduta; itxuroso ez ezik erronkak eskatzen duen mailan aritzeko. Gai hauek «ikusgarri» landu behar baitira, baina ez hitza modu literalean hartuta, baizik eta biktimen beharrak entzunez, asetuz, eta biktimarik egon ez dadin lan eginez. Errealitatea aldatu behar da, argazkia aldatu dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.