Amaia Ramiro eta Erlantz Zabalza. Neska eta Zeledon Txiki

«Gogorrena lagunei ezer ez esatea da»

Haurren egunean, blusa eta neska txiki bikotea izan da protagonista. Hamahiru urte ditu Erlantzek, eta bederatzi Amaiak; halere, nerbioak menpean hartu, eta ondo dantzatu dute, entsegu asko egin ostean.

JUANAN RUIZ/ ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2017ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Txinparta kuadrillako Erlantz Zabalza eta Basatiak-eko Amaia Ramiro dira aurtengo Zeledon Txiki eta Neska Txiki. Irribarrea ezpainetan, gogotsu hartu dute Gasteizko haur guztien ordezkari izateak daraman erantzukizuna.

Nola aukeratu zintuzteten?

ERLANTZ ZABALZA: Orain dela denbora bat Andre Maria Zuriari dantza egin nion, eta, horren ostean, aitak esan zidan ea nahiko nuen Zeledon Txiki izan. Sorpresa handia izan zen niretzat.

AMAIA RAMIRO: Niri familiak proposatu zidan Neska Txiki izatearen kontua, eta baietz esan nien. Gero, Gabonetan, Olentzerok esan zidan karta baten bidez.

Berria jakin zenutenetik, asko kostatu zaizue sekretua gordetzea?

E. Z.: Gogorrena lagunei ezer ez esatea da, esan nahi eta ezin; halere, ondo gorde dut isilpean. Bueno, gutxi batzuei esan nien, bakarrik konfiantza gehien nuenei.

A. R.: Nik bizpahiru lagunei esan nien bakarrik. Familian-eta esan zitekeen, baina sekretupean mantentzeko baldintza jarrita.

Aspalditik al zarete blusa eta nesken kuadrilletako kideak?

E. Z.: Orain dela bost urtetik naiz blusa. Gainera, orain aita, ama eta hirurok irteten gara, aita eta biok ama konbentzitu genuen eta.

A. R.: Ni uztailaren 28an jaio, eta astebete nuela blusa eta nesken argazkian atera nintzen. Gurasoekin eta Asier anaiarekin ibiltzen naiz gehienbat, baina kuadrillako denak ditut lagun.

Kuadrilletatik zer gustatzen zaizue gehien?

E. Z.: Joan-etorriko bideetako tarteak gustatzen zaizkit gehien.

A. R.: Dantzatzea, salto egitea, baita kuadrilletako jendearen tartean ibiltzea ere, jendetza gara eta.

Lehendik dantza egiten zenuten, edo lehen aldia da?

E. Z.: Nik banekien zertxobait, aitonak erakutsitakoa. Berarekin ere egin genuen entsegu bat, berak ere badaki eta.

A. R.:Lehendik, nik oinarrizko pauso batzuk bakarrik nekizkien, dantza talde batean ikasitakoak, baina ez horrelakorik.

Nola joan dira aurreskuaren eta arin-arinaren entseguak?

E. Z.: Kontrolpean ditugu dantzak, asko entseatu dugu Kiko eta Koldorekin Txirinbil lokalean.

A. R.: Gutxi gorabehera menperatzen ditugu; arin-arina agurra baino errazagoa da. Martxotik astero egin ditugu entseguak, eta azken bi hiletan, astean bi aldiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.