Grezia. Hauteskunde orokorrak

Tsipras: «Porrota urteotan hartu ditudan erabakien kostu politikoa izan da»

Syriza alderdi ezkertiarrak galdu egin ditu bozak. Lehen ministro ohiak adierazi du «oposizio arduratsua, baina indartsua» egingo dutela

Alexis Tsipras hauteskundeen emaitzen berri izan eta gero, herenegun, Atenasen. KOSTAS TSIRONIS / EFE.
2019ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Alexis Tsiprasentzat, Syrizaren porrotak arrazoi bat du: «Urte hauetan zehar hartu behar izan ditudan erabakien kostu politikoa izan da». Tsipras Greziako lehen ministro ohiak hauteskundeak galdu zituen herenegun, baina «herriak egindako hautua» errespetatzen zuela esan zuen. Syriza alderdiaren burua 2015. urteko bozak irabazi ondoren iritsi zen boterera; lau urteotan hirugarren erreskatea eraman du aurrera, eta murrizketetan oinarritutako neurriak hartu behar izan ditu.

Hauteskundeen emaitzen berri izan eta gero, Tsiprasek Kyriakos Mitsotakis Demokrazia Berria (ND) alderdiaren hautagaia zoriondu zuen, eta esan zuen lortutako emaitzak «burua gora» onartzen zituela. «Duela lau urte noraezean zebilen herrialde baten kargu egin ginen, eta denbora honetan erreskateen aroari amaiera ematea lortu dugu», azaldu zuen Tsiprasek. Bestalde, Mitsotakisi eskatu zion azken urteetan egin dituzten aurrerapenak kontuan hartzeko, eta atzera ez egiteko.

Inkestek iragarritakoa bete zen: Syrizak galdu egin zituen hauteskundeak, botoen %31,53 eta 86 diputatu jasota; ND gailendu zitzaion, botoen % 39,85 eta 158 ordezkari eskuratuta. 2015eko iraileko bozetan, ordea, botoen %36 eta 145 diputatu eskuratu zituen Tsiprasen alderdiak. Aurtengo eta duela lau urteko emaitzak alderatuta, igandeko hauteskundeetan 2015ekoetan baino 145.000 boto gutxiago lortu ditu, baina boto diferentzia horrek dakarrena baino diputatu gehiago galdu ditu, hauteskunde legearen ondorioz: 50 diputatu ematen dizkio boto gehien lortzen dituenari, aurten NDri. 2015eko bozetan, Syrizak 145 diputatu lortu zituen, baina legearen ondorioz eskuratu zituen 50ak kontuan hartu gabe, 95 diputatu izan ziren lortutakoak. Hau da, azken bozetan baino bederatzi gehiago. Beraz, igandeko emaitzak ez ziren uste bezain txarrak izan.

Yanis Varufakis Finantza ministro ohiak parlamentura sartzea lortu du, Mera25 ezkerreko alderdiak bederatzi diputatu lortu baitzituen. Eskuratu dituen bederatzi ordezkari horiek Syrizak galdutakoak lirateke. Greziako Parlamentuan sartzeko, botoen %3 eskuratu behar dira gutxienez, eta alderdi horrek botoen %3.8 lortu zituen. Nahiz eta parlamentutik kanpo gelditzetik gertu egon den, emaitzak «aldaketen garaiari hasiera emateko nahikoa» direla argudiatu zuen Varufakisek.

«Lana», emaitzak aldatzeko

Tsiprasek jakinarazi zuenez, «oposizio arduratsua, baina aldi berean indartsua» egingo dute, eta Greziak egindako aurrerapenak defendatuko dituzte. Igandean lortutako emaitzak aldatzeko lan egingo dutela ziurtatu zuen lehen ministro ohiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.