Ion Orzaiz.
ANALISIA

PAI legearen ordainsaria

2022ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Ertz askotako auzia da PAI legearena. Badu dimentsio sozial bat, hezkuntza sistema publikoari eta, zehazki, hizkuntza ereduei eragiten dien heinean, baina arrasto politiko sakona ere utz dezake, bai orain bai luzera begira.

Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak esan ohi du PAI legea dela «langile talde bat egonkortzeko saio bat, ez besterik». Baina bada hori baino gehiago ere. Legearen helburu ofiziala da behin-behineko kontratuekin lanean ari diren 350 irakasle funtzionario bihurtzea, ingeleseko C1 maila eskakizun duen lan deialdi bat ad hoc eginez. Plaza kopuru mugatu horrek, baina, ez du sektoreak eta, batez ere, PAI programak aspalditik duen egoera prekarioa konponduko —8.577 irakasle daude Nafarroako sare publikoan, Hezkuntza Departamentuak 2020an emaniko datuen arabera—. Gainera, foru lege berriak talka egiten du Espainiako Gobernuaren dekretu batekin [horren arabera, ingelesa ezin da eskakizun izan lan deialdi orokor batean]. Hortaz, litekeena da, goiz edo berandu, sindikatu batek, elkarte batek edo Espainiako Gobernuak berak araua auzibidean jartzea eta lan deialdian eskainitako lanpostu horien etorkizuna airean gelditzea.

Aurreko guztia aintzat hartuta, bada oraingoz erantzunik ez duen galdera bat: merezi al du gobernu koalizioan arrakala sakonak sortzea, sindikatu ia guztien haserrea piztea eta ustez legearen oinarrian dauden profesionalak ziurgabetasun juridiko handiko prozesu batean murgiltzea, PAI programa blindatzearen truke? Eta erantzuna ezezkoa bada, zergatik arriskatu du PSNk bere sinesgarritasuna eta Nafarroako Gobernuko agintea bera, hauteskundeetarako urtebete falta dela?

PSNk edo Gimenok baino argiago hitz egin dute Navarra Sumako eledunek. «Bat gatoz lege proposamenarekin, baina guretzat ez da aski», esan zuen Javier Esparzak, lege zirriborroa parlamentuan eztabaidatu baino 24 ordu lehenago. «Guk PAI hizkuntza eredu bat izatea nahi dugu, eta seme-alabak ingelesez eskolatu nahi dituzten familiek izan ditzatela D eredukoek dituzten abantaila berberak».

Ez zuen konparazioa ausaz egin Esparzak. Euskarazko murgiltzearen ispilu aurrean jarri nahi izan zuen PAI programa; alde batetik, ingelesa eta euskara elementu kontrajarriak balira bezala aurkeztuta —ideia hori gero eta barneratuago dago gizartean, faltsua izan arren—; bestalde, D ereduko familiek besteei ematen ez zaizkien «abantailak eta erraztasunak» jasotzen dituztelako susmoa hedatuz; eta azkenik, PAIri hizkuntza eredu oso baten estatusa emanda, are gehiago hedatuko dutela iragarrita. Hedatze hori D ereduaren kaltetan izanen dela uste dute zenbait eragilek, eta Navarra Sumako bozeramaileak berak susmo hori elikatu zuen, bere diskurtsoan euskarazko hezkuntza eredua behin eta berriro aipatuta.

Navarra Sumak eta PSNk askotan aldarrikatu dute «familiek erabakitzeko duten askatasuna», baina, egiazki, PAI da Nafarroako udalerri askotako ikastetxe publikoetan eskaintzen den aukera bakarra. Familia askok aukeratzen dute PAI asmo osoz, noski, baina beste askorentzat, ez dago besterik. Aurrerantzean, PAI eredu bihurtuta, are nabarmenagoa izan daiteke joera hori. Ikusteko dago nola zehaztuko dituzten asmo horiek, PAI programa ez baita uniformea, eta asko aldatu ohi da ikastetxe batetik bestera. Oraingoz, baina, hasia da prozesua, eta hori garaipen handia da Esparzarentzat: kolpe bakarrez lortu du PSNren eta Geroa Bairen arteko ezinikusiak areagotzea, politika estrategikoetan eragitea eta bere burua alternatiba sendo gisa aurkeztea. PAI legearen mozkinak, oraingoz, Navarra Sumak kobratu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.