Europako Errugbi Txapelketa. ANALISIA

Gogozko gentrifikazioa eta makroekitaldiak

Alvaro Fierro eta Andoni Garaizar
2018ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Asteburuko errugbi finalen ostean, ekonomia izango da titularretako protagonista. Inork ez du zalantzan jartzen eragin ekonomikoa itzela izango duela hirian, eskualdean eta inguruko hainbeste lekutan. Mota horretako eragin ekonomikoak aztertzea ez da batere zaila. Literatura espezializatuari begiratzea besterik ez dugu hausnartzeko ikuspegi ekonomikoan zer-nolako eragina duten makro-ekitaldi formatuan emandako kultura, kirola edo beste edozein arlo lantzen dituzten ekitaldiek.

Epe jakin eta zehatz batean (normalean asteburuko bizpahiru egunetan) bisitariek alokatutako ostatuetako gelen eta saldutako sarreren kopurua ez ezik, ostalaritzan zer gastu egin duten ere erraz kalkula daiteke.

Bestalde, erronka beste leku batean dago kokatuta: gizartean eragiten duen inpaktuan. Azken finean, egungo eredu horretan murgildurik, kirola, kultura edo beste motatako ekitaldiak aitzakia hutsak dira lurraldea eta gizartea ikuspegi ekonomikoan mugiarazteko. Eta gogoratu behar dugu gizartea-lurraldea hitz bikotea ez dela ekonomia soilik.

Oihartzun handia duten ekitaldiek lehiaketa batean murgiltzen gaituzte. Merkataritza lehiaketa batean, hain zuzen ere. Guggenheim eredua eredutzat hartuta, esaterako. Argi dago marka-ekonomian erakarri duela zer edo zer, baina gure hiritarren egunerokotasun kulturalean eraginik eduki du? Zer geratzen da txalaparta hotsaren ostean? Hori da galdera.

Lurraldeko herritarrok proiektuan sinetsi behar dugu, eta horretarako City Branding edo marka da premisa nagusia. Edo herritarrek ere partekatzen dute, edo porrot egingo du. Eredu esanguratsuak daude: Beijingeko eta Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoen ondorenak, kasurako. Aktibitatea sortzen dute, baina non geratzen dira bertoko sareak? Kontuan hartzen al dituzte gure inguruko eragileak?

Postfordismoaren lurraldeetan, ekonomia digitalaren ondorioz, gaur egun adierazle berri eta erromantiko bat agertu da: ekonomia kolaboratiboa. Eta plataformarik famatuena da horren isla: Airbnb. Argi dago erromantikoa dela, baina izenean bakarrik. Beste asteburu arruntekin alderatuz gero, ikusten dugu halakoetan gure kapitalismoaren grinak pizten direla, eta horrekin, gentrifikazio boluntarioa (beste kontzeptu berri bat) asmatzen dugula: large scale events. Bilbon halakoak daudenetik, konturatu gara onuragarria dela gure etxea alokatzea asteburuko ekitaldi batean eta, adibidez, gurasoen etxera bueltatzea. Eta horren isla ez da nabaritzen bakarrik etxeen prezioetan; saltokietako errentetan eta eguneroko gastu orokorrean ere egiaztatzen dugu.

Baina irakurketa alderantziz egin dezakegu: krisiaren uhinak ere hor daude, eta nabaritzen dira. Eta gure etxea partekatuko dugu dirua behar dugulako. Eskaintza eta eskaeraren legearen ondorio soila.

David Throsbyk dioenez, guk, gizabanakook, objektu bati kultura edota ekonomia arloaren arabera begiraturik, balio ezberdinak ematen dizkiogu. Adibidez, musika klasikoari balio kultural handia ematen diogu, baina ekonomikoki aztertuta, baliohori oso txikia da (ez baitugu ia diskorik erosten). Sálvame bezalako saioek, ordea, balio ekonomiko handia dute, baina kulturalki zuloaren hondoan daude.

Inork ez ditu zalantzan jartzen makroekitaldiaren eragin ekonomikoak. Baina ondo kudeatzen ez baditugu, kontuz ibili behar dugu Telecincoren antzeko txou bat ez bihurtzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.