Euskal taldeak, liga hasierari begira. Osasuna

Igogailutik jaitsi nahi du

Lehen Mailara nagusitasunez igo ostean, bertan irauteko erronkari helduko dio denboraldi honetan Osasunak. Iruñeko taldeak elitean eskarmentua duten jokalariekin sendotu du taldearen bizkarrezurra

Ezequiel Avila Chimy, Roberto Torres eta Fran Merida, Taxoaren. JESUS DIGES / EFE.
enaut agirrebengoa
2019ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Osasuna igogailuan harrapatuta dago. Gora eta behera dabil etengabe. 2014az geroztik, bi aldiz jaitsi da Espainiako Bigarren Mailara, eta beste bitan igo maila nagusira. Bosturteko zorabiagarria izan da. Iaz, larrialdietarako txirrina jo zuten, eta Jagoba Arrasatek erantzun zion deiari; baita ondo erantzun ere. Teknikari bizkaitarrak matxura konpondu zuen. Edo hala dirudi. Izan ere, talde sendo eta fidagarria eraiki zuen, Lehen Mailara modu gogoangarrian igo zena. Edonola, benetako proba hastear den denboraldian izango du Arrasateren Osasunak. Nekeza da mailarik gorenera igotzea, baina, gaur egun, bertan irautea da urratsik zailena, talde apalenak ere gihar ekonomikoa eta, hortaz, lehiakortasun handia baitute.

Hori horrela, oso garesti dago salbazioa igo berrientzat. Erronkak bertigoa eragin diezaieke gorritxoei; batez ere, iragan hurbilari erreparatzen badiote. Osasuna 2016-17ko sasoian lehiatu zen azkenekoz Lehen Mailan. Agian, lehiatu ez da aditzik aproposena, Iruñeko taldeak 22 puntu eskas bildu baitzituen. Eliteko futbola handi gelditu zitzaion, argi eta garbi. Haatik, oraingoan zaleek badituzte itxaropena izateko motiboak. Batetik, nafarrak Bigarren Mailako txapeldun gisa igo dira —aurreko aldian seigarren izan ziren ligan, eta kanporaketen bidez igo ziren—; eta, bestetik, talde askoz ere zailduagoa eta lehiakorragoa dute.

Apustua, aurrealdean

Nafarren lehen arrakasta joan zen denboraldiko taldearen bizkarrezurrari eutsi izana da. Carlos Clerc Levantera joan da, baina, bestelakoan, ez da irteera garrantzitsurik izan. Ruben Garcia taldeko izarra galtzeko arriskua zuten gorritxoek; lau urterako fitxatu dute, ordea, Levanteri hiru milioi euro ordainduta. Brandon Thomas ere bere egin dute, bi milioi euroren truk. Eta, horretaz landa, egin beharreko jauzi handira behar bezala egokitzeko, aurrez goi mailan beren kalitatearen berri emandako jokalariak fitxatu dituzte. Soa erasoko lerroan paratu dute batik bat, hiru aurrelari berri fitxatuta: Ezequiel Avila Chimy, Adrian Lopez eta Marc Cardona.

Edonola, atzera ere begiratu du Braulio Vazquez kirol zuzendariak. Defentsa sendorik gabe ezinezkoa da kasik Lehen Mailan lehiatzea, Osasunak orain dela hiru sasoi bere haragitan bizi bezala. Odol-hustu egin zen, partidako ia 2,5 gol jasota 94 gol guztira. Bada, halakorik errepika ez dadin, Brauliok Darko Brasanac euskarri defentsiboa, Facundo Roncaglia erdiko atzelaria eta Pervis Estupiñan ezker hegaleko atzelaria fitxatu ditu. Rober Ibañez eskuin hegaleko erdilaria ere bereganatu du, azken bi sasoietan taldean Getafek utzita aritu ondoren. Horrenbestez, zazpi jokalari berri iritsi dira, eta besteren bat ere heldu liteke merkatua itxi aurretik; erdiko atzelari bat. Diru zorroari astindua ematen ari zaizkio nafarrak: 13,5 milioi euroko inbertsioa egin dute orain arte.

Orain, pieza guztiak bere lekuan jartzea dagokio Arrasateri. Oier Sanjurjo, Roberto Torres, Ruben Garcia, Fran Merida eta David Garcia funtsezkoak izango dira berriro, eta fitxaketen ekarpenak ere garrantzi handikoa izan beharko luke. Osasuna iragan sasoiko talde ausart, bizi, lehiakor eta nekaezina izaten ahaleginduko da, igogailutik irten, eta goiko solairuan egonkortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.