Biek daukate mamia

Igandean jokatuko dira Irunen Irunen Emakume Master Cupeko finalak, bai pilota goxoan bai mistoan. Uranzun 300 ikuslerentzako lekua egongo da

Emakume Master Cupeko bikote finalistak, atzo, Irunen egindako aurkezpenean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2020ko ekainaren 25a
00:00
Entzun

Azken txanpan sartu da binakako Emakume Master Cupeko Txapelketa. Pilota goxoko zein mistoko finala igandean jokatuko dira Irungo (Gipuzkoa) Uranzu frontoian (ETB1, 17:00), eta pilotariak jada eguna noiz iritsiko zain daude. Bi finalek dute mamia. Bata parte hartzaileen artean dagoen adin aldegatik, eta bestea estreinakoz ari direlako pilota mistoarekin jokatzen txapelketan.

Goxokoan bi belaunaldi izango dira kantxan aurrez aurre: eskarmentua eta gaztetasuna. Lehena Iera Agirrek (Leitza, Nafarroa, 1987) eta Maite Ruiz de Larramendik (Beasain, Gipuzkoa, 1973) osatutako bikoteak ordezkatuko du. Bigarrena, berriz, 15 eta 13 urte besterik ez dituzten pilotariek: Nagore (Antzuola, Gipuzkoa, 2005) eta Leire (Antzuola, Gipuzkoa, 2007) Galeano ahizpek, hurrenez hurren.

Finala jokatzeko «gogotsu» dagoela aitortu zuen atzoko finalean Ruiz de Larramendik. Hiru hilabete eta erdiko etenaldiaren ostean, joan den igandean itzuli ziren frontoira. «Urduri eta kezkatuta geunden egoerari nola erantzungo ote genion», baina gustura geratu ziren finalerdietan egindako lanarekin. «Orain, errematatzea geratzen zaigu». Atzelariaren ustez «berezia bezain polita» izango da bi belaunaldi aurrez aurre izatea. «Albiste ona da hain pilotari gazteak egotea, segida badagoela bermatzen baitu». Bat dator Agirre ere: «Argi dago harrobia urtez urte sendotzen doala; pilotari oso onak datoz eta hori goraipatzekoa da».

Biek aitortu zuten, eskarmentua kontuan hartuta eurak direla faborito. «Final batean azaleratzen den urduritasuna hobeto kudeatzeko gaitasuna izango dugu», adierazi zuen Ruiz de Larramendik. Halere, errespetua diete aurkariei. Galeano ahizpek duten «gaztetasuna» eta «ausardia» azpimarratu zuen Agirrek. Haren bikoteak, berriz, duten kalitatea. «Joko ona erakutsiz, txapelketa bikaina egin dute. Finalera sailkatzeko arrazoiak sobera dituzte», baita izan ere.

Galeano ahizpek zalapartarik sortu gabe txapelketa osoan jokatutako sei partidak irabazi dituzte. Haien adinak bestelakorik pentsatzea eraman dezakeen arren, kolpe eta defentsa bikainez gain, urduritasuna kudeatzen ere badakitela erakutsi dute lehiaketa osoan zehar. Astea lasai daramatela esan zuen Leire ahizpa gazteenak. «Gustora ari gara entrenatzen, eta sentsazio onak ditugu. Momentuz, finalera begira ez nago urduri, baina eguna iristen denean, ikusiko dugu zer nolako gorputzaldia dugun». Nagorek jakin badaki aurkari «gogorrak» eta kalitatez «onak» izango dituztela aurrean igandean. «Ruiz de Larramendi atzean segurua da, eta Agirrek tantoak boleaz bikain mozten ditu. Oso ondo eta azkar mugitzen du pilota». Hala eta guztiz ere, Galeano ahizpak ez dira erraz etsitzekoak. «Daukagun guztia emango dugu».

Bikote bakoitzak bere estrategiak erabiliko ditu aurkaria garaitzeko. Faboritoek argi dute txapela irabazteko gakoa zein izango den: pilotari abiadura ematea. Agirreren ustez, aurkariek gaztetasun horretan oraindik «kolpea garatu gabea dute». «Guk pilota atzeako koadroetan errazago ibili dezakegu, eta nik uste dut hor egin diezaiekegula min». Galeano ahizpek aita dute entrenatzaile, eta haren aholkuak dituzte bidelagun. «[Aitak]Tantoan hutsik ez egiteko esaten digu, eta aukera daukagunean, berriz, tantoa behar bezala amaitzeko», azaldu du Leirek. «Hori bai, irabazi ala galdu, gozatzera joateko gogorarazi digu», gehitu du Leirek.

Mistokoak ere parest

Olatz Arrizabalaga eta Gentzane Aldai, Leire Garai eta Olatz Ruiz de Larramendiren aurka ariko dira mistoan. Esan daiteke, Olatz Arrizabalaga eta Gentzane Aldai bizkaitarrak txapelketak izan duen garapenaren isla direla. Orain arte pilota goxoarekin aritu badira ere, Binakako honetan mistora jauzia ematera animatu dira «Eskuak ondo dauzkagu, nik uste zailean lehen pauso hori ematea dela, behin ohituta, eta ondo egiten baduzu, azkenean jokatu daiteke», adierazi zuen Arrizabalgak.

Ruiz de Larramendik, berriz, beraientzat finalaren gakoa non egon daitekeen azaldu zuen: «Gentzaneri jokatu behar diogu, eta Olatz saihesten ahalegindu. Bikote moduan oso indartsuak dira. Baina gu ondo gaude».

Antolakuntza pozik agertu zen finala Irungoa bezalako frontoi batean jokatuko dutelako. Guztira, 727 ikuslerentzako lekua dago, baina 300 inguru baino ez dira sartu ahal izango, indarrean dagoen osasun protokoloaren arabera. Pilotari guztiak pozik azaldu ziren halako frontoi batean jokatzeko aukera izateagatik, eta horrek emakumeen pilotari ematen dion ikusgarritasunagatik. Garrantzia eman zioten baita ere partida telebistaz emateari, hori ere bultzada bat delako.

Bide batez, Borja Olazabal Irungo Kirol zinegotziak, udalak emakumeen pilotaren alde duen konpromisoa berretsi zuen, jakinarazi duenez, datorren urtean ere Irunen jokatuko direla finalak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.