KRITIKA. Donostiako 81. Musika Hamabostaldia

Bizi bedi Caldara

Josetxu Obregon biolontxelo jotzailea. MICHAL NOVAK / MUSIKA HAMABOSTALDIA.
2020ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun

'La Ritirata'



Zikloa: Antzinako Musika. Taldekideak: Josetxu Obregon (biolontxeloa eta zuzendari artistikoa), Daniel Zapico (tiorba), Ignacio Prego (klabea). Egitaraua:Antonio Caldara eta biolontxeloa: Caldararen obrak bere 350. urteurrenean.Lekua: Donostiako San Telmo museoa. Eguna: Abuztuak 4.

Etxetik atera ezinik harrapatu zituen La Ritiratako kideak beren azken diskoaren kaleratzeak —Antonio Caldara and the cello (GLOSSA GCD, 2020)—, eta, hortaz, ezin izan zioten aurkezpen birari ekin. Musika Hamabostaldiko Antzinako Musika zikloan izan dute konpositore veneziarrak idatzitako obrei eskainitako lana lehen aldiz zuzenean interpretatzeko aukera. San Telmo Museoko klaustroa espazio ezin hobea suertatu zen biolontxeloaren luzimendurako piezak taularatzeko.

Gehienbat eliz-musikagatik eta ahots-musikagatik ezagutu ohi da Antonio Caldararen izena, baina bere ekoizpen oparoan instrumentuen talde txikientzat konposatutako obrek ere pisu nabarmena dute, batez ere bere instrumentua zenarentzat sortutako obrek. 1735eko udan idatzi zituen, esaterako, hamasei sonata biolontxeloarentzat eta continuoarentzat, jada Vienako Gortean lanean zela. La Ritiratako kideek sonata horien zenbait mugimenduren aukeraketa ederra eta anitza interpretatu zuten. Josetxu Obregonek eskarmentu eta abilezia apartak erakutsi zituen, besteak beste, IX. Sonataren Allegro mugimenduaren birtuosismoan eta V. Sonataren Adagio-aren garapen cantabile-an. Sorpresa pozgarria suertatu ziren Caldarak biolontxeloaren teknika hobetzeko eta sakontzeko helburuz idatzitako lezioak: lerro melodiko goxoa hogeigarrenean, eta artikulazio kementsuak hamalaugarrenean.

Caldararen ahots-errepertorioan sartu-irten atsegina izan zen Il più bel nome operako Quella clizia innamorata ariaren gainean Zapico anaiek klabearentzat eta tiorbarentzat egindako moldaketa. Daniel Zapicok eta Ignacio Pregok dinamika aberatsak eta artikulazio garbiak zabaldu zituzten, elkar ulertze bereziak. Aipagarriak ere hark zuzenean Caldararen eskuizkributik eskaini zituen klabearentzako hiru fuga txikiak. Programa ixteko, biolontxeloarentzat idatzitako III. Sonata osorik eskaini zuten. Obregonen jardunean, berriro ere, gustu handiko fraseatze luzeak eta ñabarduraz betetako kolorea. Luxuzko anfitrioiak Caldararen 350. urteurrena ospatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.