«Bukaezina izan da»

Belauneko min batzuk kentzeko, ebakuntza egin zioten iazko maiatzean Pedro Leoni. Ez zirudien larria, baina jokatu gabe dago ordutik Eibarreko jokalaria. Osatu da, halako batean.
Pedro Leon baloiarekin, Ipuruan eginiko entrenamendu batean. ALboan Pape Diop ageri da.
Pedro Leon baloiarekin, Ipuruan eginiko entrenamendu batean. ALboan Pape Diop ageri da. EIBAR K.E.

Aitor Manterola -

2018ko otsailak 14
Ebakuntza egin ziezaioten joan zen Pedro Leon iazko maiatzean. Ezkerreko belauneko minez zebilen, eta minik gabe nahi zuen jokatu. Aurretik sekula ez zuen belauneko lesiorik izan. Eibarrek lortua zeukan aspalditik mailari eusteko helburua, eta nola zortzi aste inguru beharko zuen ebakuntzatik osatzeko, kezka handirik gabe sartuko zen kirofanoan jokalari espainiarra.

Pasatu ziren zortzi asteak, eta bere ustearen aurka, ez zen gai izan taldekideekin batera hasteko denboraldi-aurrea. Belauneko minekin jarraitzen zuen; ebakuntzak ez zion ezertan lagundu, eta osatzeko aukera behar zuenaren eraginez, kalte handiagoa izan zuen belaunean.

Urri amaieran ematen zuen osatzear zela, eta taldekideengandik gertu ere ibili zen entrenatzen. Baina ezustean, albiste hau zabaldu zuen klubak: ebakuntza egin behar zioten jokalariari. Beste bat. Batek baino gehiagok pentsatu zuen ez zela gehiago jokalari izango, eta bere buruan ere ez zen aparte izan horrelako pentsamendua. Bigarren ebakuntza honen helburua zen lehenengotik gaizki itxitako orbaina sendatzea. Beste hiru hilabetez geldirik egoteko tartea aurreikusi zen orduan.

Oraintxe beteko da epe hori, eta oraingoan bai, Pedro Leon jokalari da berriz ere. Badira egun batzuk taldekideekin batera ari dela lanean, eta aurreko larunbateko partidarako ere prest zegoen. Uste baino azkarrago jarri dela aitortu zuen Jose Luis Mendilibarrek Leganesen aurkako partidaren atarian: «Oso entrenamendu onak egin ditu azken egunetan», kontatu zuen entrenatzaileak duela astebete eskas.

Kito, hortaz. Bukatu zaio gurutze bidea Pedro Leoni, eta bat gehiago da orain taldean. Bukatu zaizkio Alain Gandiaga eta Mikel Calvo prestatzaileekin Arrasaten (Gipuzkoa), Atxabalpen egin beharreko lasterketa saioak eta ariketak, taldekideak baloiarekin lanean aritzen ziren bitartean egindako lan amaigabe horiek.

Elkarrizketa egin dio klubeko komunikazio sailak, eta, jakina, pozarren dagoela azaldu du, lehenik eta behin: «Pozik nago, trantze honetatik onik atera naizelako». Atzera begira ere jarri da, eta gogoratu du pentsaezina zela hainbeste denbora egongo zenik jokatu gabe: «Zortzi asteko osatze lana behar zuena ia bederatzi hilabeteko bide amaigabea izan da, eta oso gogorra egin zait».

Bederatzi hilabeteko aldi luze honetan babes handia izan duela esan du: «Familiak jan du azkenean dena, eta asko babestu naute. Ezin ahaztu klubeko jendea ere: taldekideak, entrenatzaileak...». Atzera begirakoa ahaztu, eta aurrera begira da, eta oso garbi dauka zer nahi duen orain: «Taldeari lagundu nahi diot». Badaki hamaikakoan lekua egitea kostatu egingo zaiola, Orellana eta Alejo ondo ari direlako: «Baina ez da nire lehen kezka orain. Oso gaizki pasatu dut, eta futbolarekin gozatu nahi dut berriz ere».

Zaleek berarekin gozatzea ere nahi du: «Azkenean, jokalarion nahia izaten da zaleak gurekin gozatzea, eta ezagutzen dute nola jokatzen dudan».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna