Lointek Gernika Bizkaia 46-74 Perfumerias Avenida

Lainotik bota dute

Lointek Gernika ezinean aritu da Perfumeriasen defentsaren aurka, eta ez da sailkatu Kopako finalerako. Bigarren laurdenean hautsi da partida

Nacickaite Gernikako jokalaria, Gil Perfumeriasekoa estu zaintzen, atzo. D. A. / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Lointek Gernika Bizkaia. Banham (10), Williams (2), Nacickaite (4), Roundtree (12), Berezhynska (5) —hasierako bostekoa— Diez (6), Vanderwal (2), Ariztimuño, Mazionyte (3), eta Pascua.

Perfumerias Avenida. Dominguez (8), Elonu (10), Givens (7), Loyd (12) eta Robinson(8)—hasierako bostekoa— Asurmendi (9), Arrojo (4), Gil (2), Eldebrink (6),Goree eta De Souza (8).

Markagailua. 14-17, 17-38; 57-34 eta 74-46.

Epaileak. De Lucas, Martin Palomo eta Espiau.Bestelakoak. 3.000 ikusletik gora bildu dira Mendizorrotza pabiloian. Euskal taldeetako zaleek Gernika animatu zuten.

Lointek Gernikak ez du Espainiako Kopako finala jokatuko. Sailkatzea oso zaila izango zela bazekien, eta Perfumerias Avenidak argi erakutsi zion atzo zein altu dagoen tituluen borrokan sartzeko igaro beharreko langa. Salamancako taldea askoz gehiago izan zen finalerdian, eta lainotik bota zuen Gernika. Bigarren laurdenean 3-21eko partziala lortu zuen (17-38 atsedenaldian), eta hor erabaki zuen partida. Gaur jokatuko du finala, Uni Gironaren aurka, Mendizorrotzan (13:00). Gironako taldeak 80-60 irabazi zion Cadi La Seuri lehen finalerdian.

Gernika eta Perfumeriasen arteko partidak hogei minutu iraun zuen. Salamancako taldea ligako indartsuena da, eta aurrekontu askoz handiagoa du, baina Gernikak ondo eutsi zion lehen laurdenean MargaretRoundtreeren puntuei esker (14-17). Lanak emateko zegoela zirudien, baina ilusio hori bigarren laurdenean desagertu zen. Perfumeriasek asko estutu zuen defentsan, eta Gernikak hiru puntu sartu zituen bakarrik. Ezintasun horren eredu garbia Courtney Williams izan zen. Lehen bi laurdenetan eginiko hamabi jaurtiketak huts egin zituen —hamabost egin zituen guztira batere sartu gabe—. Final-laurdenetan 29 puntu sartu zituen, atzokoan, berriz, bi baino ez.

Naiara Diez Gernikaren kapitainak ondo laburtu zuen partida. «A, B eta C planek kale egin dute. Onena gure zaleak izan dira, haiek bai jokatu dutela partida handia». Hala izan zen. Gernika saiatu zen tartea murrizten hirugarren laurdenean, baina Perfumeriasek ondo kudeatu zuen errenta. Kalitatea du, baina eskarmentua ere bai. Bitartean Gernikatik joaniko zaleak ez ziren une batez ere isildu, eta etengabe eman zizkieten animoak euren kutunei egun oso zail batean.

Kolpe gogorra GBCri (66-67)

Delteco Gipuzkoa Basketek 66-67 galdu atzo Valentziaren aurka, eta bizkarreko gogorra hartu zuen ACB ligan. Partida bukatzeko bost minutu falta zirenean, zortzi punturen aldea zuen (62-54), eta Nevelsek partida irabazteko azken jaurtiketa izan zuen, baina ez zuen asmatu. GBCk azken postuan jarraituko du, salbaziotik bi garaipenera. Baskoniak, berriz, gaur jokatuko du ACBko 21. jardunaldiko partida, etxean, Malagaren aurka (19:30).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.