Nurenbergeko interpreteen lana nabarmendu dute erakusketa batean

Salamancako Unibertsitateak eta EHUk osatu dute bilduma. Hamabi panel eta bideo bat jarri dituzte Koldo Mitxelenan, maiatzaren 11 arte

Mari Jose Telleria eta Lourdes Auzmendi, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Maider Galardi
Donostia
2018ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Mugarria izan zen Nurenbergeko epaiketa. Bigarren Mundu Gerraren ostean, 1945 eta 1946 artean epaitu zituzten naziek eginiko sarraskien arduradun nagusiak. Zigorrak ezarri zituzten, eta Aliatuek gerra irabazi zutela berretsi zuten. Izan zen gerora garrantzia hartu zuen beste berritasun bat, ordea. Lehen aldiz erabili zen aldibereko itzulpena, eta hala bihurtu zen interpretazioa nazioarteko harremanen ezinbesteko giltza. Ezustean pasatu zen gertakaria orduan, baina sekulako pisua hartu du gerora. NBE Nazio Batuen Erakundeak bere egin zuen teknika, eta beharrezkoa da gaur egun. Orain, Salamancako Unibertsitateak (Espainia) eta EHUk jendaurrera ekarri dute Nurenbergeko epaiketak diziplina horretan izandako garrantzia, Donostiako Koldo Mitxelenan inauguratutako erakusketan. Maiatzaren 11ra arte izango da ikusgai.

Antolatzaileek argazkiz eta testuz betetako hamabi panelez eta bideo batez osatutako bilduma bat egin dute. Bertan, ikusgai da interpreteek epaiketa horretan egin zuten lana. Lourdes Auzmendi EHUko irakasle eta itzultzaileak azaldu du interpreteen lana: «Aldibereko itzultzaileak izan ziren giltzarri. Epaileak AEBetakoak, Frantziakoak, Errusiakoak eta Erresuma Batukoak ziren, eta akusatuak, berriz, Alemaniakoak». Beraz, frantsesez, ingelesez, alemanez eta errusieraz egin behar izan zuten lan, eta, gainera, hainbat lekukok eta akusatuk beste hizkuntzetan ere hitz egiten zuten. Xuxurlatzearen teknika erabili zuten halakoetan.

Lan hori, ordea, ez zen samurra izan, Auzmendiren arabera: «Arazo linguistikoak, psikologikoak eta teknikoak izan zituzten». Antolatzaileek azaldu dute finean auzi sakonagoa izan zela: arazo hermeneutiko bat, alegia.

Epaiketa bukatuta, NBEk teknika hori baliatu zuen nazioarteko harremanak sendotzeko, eta, ordutik, interpreteen lana egonkortuz joan da. Edonola, Auzmendik ohartarazi du gaur egungo epaiketetan ere nabarmena dela hizkuntzen arazoa, eta berreskuratu egin behar dela aldibereko itzulpena. Gai horrekin kezkatuta, mahai ingurua antolatu dute biharko. Bertan izango dira Auzmendi eta Iñaki Subijana, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko presidentea, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.