Bertso Egunak «arnasa» eman nahi dio herriko bertso mugimenduari

Miren Garate.
2019ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Ospatzekoa da ekitaldi batek 50 urte betetzea, baina aurtengo Bertso Eguna ez dute urteurrenean zentratu nahi izan: «Iruditzen zaigu atzera baino gehiago aurrera begiratu behar dugula», aipatu du Jon Agirresarobe egitasmoaren sustatzaileak. Hala, bizi-bizirik dagoen elementu bat izango da aurtengo ekitaldi nagusiko gaia: bertso eskola. «Gure ekosistemaren oinarrizko elementua da, eta ikusten dugu badaudela gogoetarako gaiak, badagoela zer partekatua horren inguruan». Beste faktore batek ere eragin du gaiaren aukeraketan. Izan ere, lehen aldiz, Bertso Egunarekin batera ospatuko dute bertso eskolen eguna ere. Lehen, urtarrilean izaten zen bat, eta urrian bestea. Aurrerantzean, biak batera egingo dituzte. «Ikusten genuen helburuetan eta emaitzetan antzeko festak zirela, eta uztargarriak izan zitezkeela».

Orain bi urte erabaki zuen Bertsozale Elkarteak Bertso Eguna Donostiatik atera eta ibiltari bihurtzea, eta, urtebeteko atsedenaren ostean, iaz etorri zen formatu berriaren emaitza. Mungiara (Bizkaia) eraman zuten lehen aldi horretan, eta Barañainen (Nafarroa) izango da larunbatean. Herria ez ezik, formatua ere urtero aldatzea da asmoa: goizean, gogoeta jardunaldi bat egin zuten iaz; aurten, Andoni Egañaren, Xabi Zabalaren eta Alberto de Abajoten Enkarguz emanaldia izango da; hiru bertso bazkari paralelo antolatu zituzten iaz; bakarra izango da aurten, eta ez da bertso bazkaria izango; eta nobedade moduan, aurten, kontzertuak ere antolatu dituzte arratsaldeko saio ondorenerako. Arratsaldeko ekitaldia urtero mantentzea da asmoa, eta, aurten, Beñat Gaztelumendi, Julio Soto, Maddalen Arzallus, Maialen Lujanbio eta Xabat Galletebeitia ariko dira kantuan.

Lehen bertso egun ibiltariaren balorazio ona egin zuen Bertsozale Elkarteak. «Formatu ezberdina eta egingarria iruditu zitzaigun». Agirresaroberen esanetan, Donostiaren baldintzak eta herriz herriko baldintzak oso ezberdinak dira, eta, horregatik, zenbakitan egindako konparazioek ez dute balio. «Herrian eragin nahi dugu, eta, hortik baloratuta, iaz oso gustura geratu ginen Mungian».

Mugimendu bertsozaleak eta euskaltzaleak indar handia duten herri bat hautatu zuten iaz, propio hartu zuten erabaki hori, baina bestelakoa da Barañaingo testuingurua. «Ez goaz hain gune euskaltzale eta bertsozalera. Hango bertso eskolakoek ere esaten dute arnasgune bat izango dela Bertso Eguna, eta hala izatea nahiko genuke». Igartzen dute bertsoaren bueltan ari dela mugimendua sortzen herrian, haurren, gaztetxoen nahiz helduen taldeak baitaude. «Nahiko genuke mugimendu horrentzat bultzada bat izan, motibazio izan».

Bertso Eguna baliatuko du Nafarroako Bertsozale Elkarteak ere urteroko batzarra egiteko. 09:30ean hasiko da. Eta Barañainen bertan aurkeztuko dute Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Bertso Eguna Antolatzeko herriko bertso eskolaren laguntza izan du Bertsozale Elkarteak, bai eta udalarena ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.