Merkataritza elektronikoa. Amazonen itzala

Amazonen eta erraldoien itzulera

Amazon monopolio bat den ala ez, erraldoi teknologikoekin zer egin behar den, gero eta ozenagoa da eztabaida. Ez da, ordea, historian hori gertatzen den lehen aldia.

Negozio erraldoien kontrako umorezko marrazki bat, gerra eta krisietatik onura lortzen dutela salatzen duena. BERRIA.
Irune Lasa.
2020ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Handiegia al da? Monopolioa da, ala ez? Botere handiegiahartzen ari al da? Zatitu egin behar al litzateke? Gaurkotasun erabatekoa duten galdera horiek zaharrak dira. Baliagarriak izan ziren bigarren industria iraultzaren abaroan elikatutako monopolio izugarriekin, eta, askoren ustez, baliagarriak izan daitezke gaur ere, iraultza digitalaren aroko erraldoi teknologikoei begiratzeko orduan.

Erraldoia da Amazon, eta izugarri ari da hazten. Izan ere, pandemian plataformak sekulako hazkundea izan du, eta 427.300 behargin berri hartu ditu urtarriletik urrirako tartean. Guztiak ez dira biltegietako langileak izan; plataformak informatika ingeniari mordoa ere hartu ditu.

Gauzak horrela, azaro hasieran Amazonek 1,2 milioi langile zituen munduan —horietatik,810.000 AEBetan—. Kopuru horretatik kanpo daude salmenta gehieneko egunetarako hartzen dituzten aldi baterako langileak (100.000), eta zeharka ari diren milioi erdi banatzaileak.

Dena den, agian ez da langile kopurua Amazonen tamainaren neurgailurik onena, behargin horiei biltegiko robotak eta drone banatzaileak gailenduko zaizkien egunek ez diruditelako hain urrun.

Merkatuei begira, ikusgarriak dira konpainiaren zenbakiak. AEBetako merkataritza elektronikoaren %40 berea du Amazonek, eta Europako salerosketa elektronikoen laurdenak plataforma horretan egin ziren 2019an—%18,5 izan zen 2018an—. Merkataritza elektronikoak oraindik ez du hartzen txikizkako merkataritza guztiaren %20 baino gehiago (AEBetako datuak dira), baina egia da gero eta gehiago direla online egiten diren transakzioak, pandemiak erosle asko jarri dituela online, eta hor Amazon nagusi dela.

Baina bada beste eremu bat non Jeff Bezosen konpainiaren nagusitasuna oso handia den. Amazon hiru adar nagusitan dago banatuta: AEBetako adarra, nazioartekoa, eta AWS Amazon Web Services. AWS adarrak soilik 26.500 milioi euroren fakturazioa izan zuen iaz, baina bereak ditumunduko hodei azpiegitura publikoen ia erdiak. Horri esker, AWSk hodeiko konputazioarekin lotutako zerbitzu, baliabide eta aplikazio mordoa eskaintzen dizkie konpainiei, gobernuei eta norbanakoei. Zenbait analistaren iritziz, Amazonen adar hori da monopoliotzat jotzeko errazena, hots, agian Amazonetik bereizi beharko litzatekeena, lehiaren izenean.

Standard Oil gogoan

Zatiketa izan da merkatuaren zati handiegia bereganatutako monopolioen kontra hartu izan den neurrietako bat. Hori eskatu dute AEBetako fiskalek Facebook-ekin, konpainiatik Instagram eta Wahtsapp bereizteko. Eta hala gertatu zen orain duela mende bat John D. Rockefellerren Standard Oilekin, zeinak Amerikako Estatu Batuetako petrolio merkatu osoaren %90 ere kontrolatu baitzuen. Urteetan luzatutako auzibidearen amaieran, 1911n, AEBetako Auzitegi Gorenak, monopolioa zela ebatzi, eta 34 konpainia txikiagotan zatitu zuen. Haietako batzuen ondorengoak ezagunak dira: Exxon (Standard Oil of New Jersey), Mobil (Standard Oil of New York), Chevron (Standard Oil of California).

Europa Batasuneko lehia agintariek orain arte ez dute aipatu erraldoi teknologikoak zatitzearen aukerarik; badirudi beste eskakizun batzuk izango dituztela Amazonentzat, ikusten dituztelako harengan lehiaren kontrako hainbat jokaera. Besteak beste, merkatuaren, salerosketa gunearen jabe izanda lortutako datuak baliatzen dituelako, gero merkatu berean bere gai propioak saltzeko. Datuen gaia giltzarria da, datuak direlako ekonomia digitalaren zainetako odola, mende honetako petrolioa. Baita AWSren nagusitasunaren oinarria ere. Amazonek itzelezko datu kopurua biltzen du minutu oro, bere plataformako erosleen datuetatik hasi eta biltegietan kameraz biltzen dituen mugimenduei buruzkoetaraino.

Dena den, erraldoi teknologikoei begira, gauzak ez dira duela 120 urteko umorezko marrazkiak bezala, zuri-beltzak. Amazon zatituz edo zigortuz gero, mehatxu okerrago baten beldur dira asko: Alibabaren eta erraldoi txinatarren nagusitasunaren beldur.

Ikusteko dago, beraz, erraldoi digitalen aroak bere atzetik monopolioen aurkako legedia ekarriko duen ala ez; testu honen hasieran egindako galderek erantzun politiko bat izango duten ala ez, esaterako, Amazonekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.