Alkatetzako garai hura

Juan Karlos Izagirre EH Bilduko Donostiako alkategaiak, Ernesto Gasco PSEkoak, Miren Albistur PPkoak eta Eneko Goia EAJkoak solasaldi bat izan dute Deustuko Unibertsitatean, ikasleen aurrean.

enekoitz esnaola
Donostia
2015eko apirilaren 22a
00:00
Entzun
EAJk badu gogoa berriro Donostiako alkatetzan egoteko, eta Eneko Goia alkategaiak ez du aukerarik galdu Deustuko Unibertsitateko solasaldian aurkezleak erreferente bat aipatzeko esan dionean. «Donostian, Ramon Labaien». Hura izan zen Donostiako azken alkate jeltzalea (1983-1987). PSE-EEk ere gogoan dauzka bere alkatetza garaiak, Ernesto Gasco udal zerrendaburuak Odon Elorza sozialista (1991-2011ko aldiko alkatea) aitatu baitu bere erreferente gisa. Bestela jo dute Juan Karlos Izagirre EH Bilduko alkategaiak eta Miren Albistur PPkoak: aurrenak Eduardo Galeano idazle hilberriaren izena bota du; Albisturrek, bere aitarena. Felix Arrieta Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko irakasleak gidatutako saioan aritu dira laurak, kanpaina hasteko bi aste falta direla. Giro lasaian joan da, baina ia guztia, espainolez, Arrietak nahi zuten hizkuntzan aritzeko aukera eman eta Izagirre, Goia eta Albistur euskal hiztunak izan arren. Ehun ikasle pasa egon dira aretoan.

Inkestek diotenez, behintzat, gauzak estu egongo dira Donostian. 2011ko udal bozetan, Bildu koalizioak (ezker abertzalea, EA, Alternatiba) irabazi zuen, 21.110 boto (%24,9) eta zortzi hautetsi lortuta. Izagirre jarri zen alkatetzan, gutxiengoan. PSE geratu zen bigarren, 19.666 boto (%23,2) eta zazpi hautetsirekin. Hirugarren, PP: 16.502 boto (%19,5) eta sei hautetsi. Ordezkaritza lortutakoen artean azkena EAJ izan zen: 15.587 boto (%18,4) eta sei aulki.

Bakegintza, uholdeak...

Solasaldian nagusiki hiru ardatz izan dira: bakegintza, uholdeak eta gizarte politikak. Aurrenekoan eduki dituzte desadostasunik handienak. Izagirrek adierazi du bere agintaldian biktima ororen aldeko omenaldiak egin dituztela, baina Gascok eta Albisturrek egotzi diote Bilduren udal gobernua ez dela ETAren aurka azaldu. «Hiri honetan demokrazia garaian 102 hilketa egin dira», esan du PPkoak; ETAren hilketez baizik ez zen ari. «Terrorismo klase denak —ETArena, GALena...— oztopo bat izan dira Donostiarentzat. Baina hori ez dugu denok esaten», adierazi du PSEkoak, Bilduri mezua helaraziz. Entzule batek 66 donostiar preso daudela gogoratu duenean, Goiak azaldu du EAJ euskal presoen eskubideen alde dagoela, eta ETA desegitea ere nahi duela. EH Bilduko alkategaiak bakegintzan «pazientzia» izateko eskatu du. «Bizikidetza lortuz joatea ezinbestekoa da udalentzat», esan du, baina, horretarako, denbora beharko dela. Azalpenarekin ez da konforme geratu Gasco: «Izagirreri entzunda, garbi daukat [bakegintzan, biktimen arloan...] udal honek ez duela nahikoa egin».

Uholdeek ere buruhauste ugari sortzen diote Donostiako Udalari; batik bat, Martutene auzoko egoerak. Lau alkategaiek uste dute 2011ko azaroko uholdeetatik aurrera udalak arazoa konpontzeko jarrera aktiboago bat daukala. «Donostiak bizkarra eman izan dio Martuteneri. Euria egindakoan akordatu izan gara. Orain, udalean batera gabiltza lanean», adierazi du EAJkoak. EH Bildukoak nabarmendu du bost mila donostiarrek jasotzen dituztela uholde arrisku abisuak, «baina hori ez da nahikoa, eta, arazoa denean, auzora bertara joan behar da herritarrekin egotera». Gascok gogoratu du lehen Loiola auzoan ere izaten zirela uholdeak, «orain, ez», PSEren udal gobernuak lan ona egin zuela iradokiz.

Gizarte politikei buruz aritu da Izagirre irmoen, «herritarren bizitzeko duintasuna udalaren lehentasuna» dela azpimarratuta. Udalak diru poltsa bereziak jarri dituela esan du. Beste alkategaiek erantsi dute ona dela gaurko udal gobernuaren lana ere.

Xabier Olano eta Itxaso

Datorren asteartean Xabier Olano (EH Bildu) eta Denis Itxaso (PSE) Gipuzkoako ahaldungai nagusien arteko eztabaida izango da, Donostian (Miramar jauregia, 19:00), euskaraz. Maiatzaren 5ean, gazteleraz. Markel Olanok (EAJ) uko egin dio parte hartzeari. Juan Carlos Cano (PP) bigarrengoan izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.