DARWIN ETA GU

Piano-jotzaileak

Jose Mari Pastor -

2018ko apirilak 7
Anthony Burgess britainiarraren The Pianoplayers nobelan (1986) andrazkoaren gorputza laztantzea artea dela dio narratzaile emakumezkoak. Pianoa jotzea bezain arte zaila. Tekla bakoitza noiz eta nola jo jakin behar da, zenbateko denboraz eta intentsitatez, tekla batetik bestera nola egin jauzi, atzamar finek piano-gorputz horretatik ahalik eta soinu ederrena atera dezaten.

Quim Monzó katalanaren Altzarien filantropia ipuinean nerabe baten bilakaera emozional eta sexuala deskribatzen da. Kasu horretan, narratzailea neskatoaren ohea dugu. Umeak logela zertarako erabiltzen duen azaltzen digu altzariak: hasieran, ikasteko eta lotarako; geroago, bere gorputza isilean laztantzeko; piano eskolak hartzeko eta, azkenean, piano irakaslearekin etzateko. Badaezpada, ez zaigu argitzen zenbat urte dituen beste pianoa jotzen hasten denean. Ohearen gainean daudela, zaratarik ez egiteko eskatu du neskak, bizilagunek somierraren kirrinka entzun ez dezaten. «Ohe hau hain zaharra da…».

Sexua, soinua, zarata. Etxean zuntz optikoa ipintzera etorri den teknikariak Iruñeko bizilagunaren balentriak azaldu dizkit —bi ordu luzeko lanak hitz egiteko aukera ematen du—. «Lehoi bat da. Gau edo egun, berdin dio». Igande arratsalde batean andrearekin eta alaba txikiarekin telebistaren aurrean eseri, eta han hasi da gure Errol Flynn, beheko etxebizitzan pianoa jotzen. «Neskak oihu egiten zion: 'Eman gogorrago, putakume horrek, eman!'. Gu isilik, lotsatuta». Horixe. Zer azaldu alaba txikiari, zaratari buruz galdetzen badizu? Oraindik xalotasunaren adinean badago zeren, gauden garaietan gaudela, haren erreakzioa bestelakoa izan bailiteke: «Aita, ama… (ez, ez da Euskaltelen iragarkia) zuek zergatik ez duzue halako builarik egiten?». Glupsss.

Nor ez da halako trantze batean egon, aldez edo moldez? Iaz, hiru egun eman nituen ostatu batean, lana zela eta. Lehen gauean, 23:45ean edo, boz leunen xuxurlak entzun dira alboko gelan; handik gutxira gizonaren arnasaldi sakonak, erritmo gero eta arinagoan. 2-3 minutura emakume ahotsez gazte samarraren melodia totela. Eta gero, klimax motela. Eskerrak, esan nion neure buruari. Biharamunean, gauerdia jotzear, eta berdin. Orduan ere bost minutu. Kronometratuta. Azken gauean telebista itzali nuen 23:40an, voyeur itsuaren belarri finekin dibertitzeko. Ez nintzen okertu: bost minutu eta gero, ohikoa. Oso txikia izan zen lurrikara. 2,5 gradukoa Izter eskalan.

Gure kartoizko hormek ez dute intimitatea zaintzen laguntzen. Hori gutxi ez, eta badago jendea, jardunaren berri ematea maite duena. «Gau hartan bosgarrenez ari nintzen eta, halako batean, txirrina jo zuten», esaten dizu gizon kalamidadeak. Argi ibili, zakili; ez dagokit niri maindireen artean egiten dena epaitzea.

Andrearengandik tarte batean banatu zenean bizi izandakoa kontatu zuen Ricardo Darín aktoreak, 2013an: «Oso txarto pasatu nuen, baina oso ondo ere bai. Emazteari berdina gertatu zitzaion». Berriz elkartu zirenean, ez zuten etenaldi hartan eginikoari buruz hitz egin. «Uste dut norberak alde pribatuak gorde behar dituela». Izan ere, zer irabazten duzu denbora horretan zer egin zenuen esanda? Bikotekidearekin zaudenean, berdin. Pentsatzen, sentitzen duzun guztia kontatu? Etxera heldu eta: «Gaur andre ederra etorri da lanera. Buztankada izan dut, baina ez larritu, oraindik maite zaitut eta». Eta emazteak: «Bai ote? Ba, ni gaixotu egiten naiz bekadun berriaren ipurdi estua ikusten dudan bakoitzean. Ufff… atera bisigua labetik, Jon».

Humanoak gara, haragizkoak, baina horrek ez gintuzke muga horietaraino eraman behar. Batzuetan halakoak gertatzen dira, baina. Nahi gabe. Alemanian nengoela, igande batean oso lo gutxi eginda azaldu nintzen lanera. Jota. Han zegoen Franz. Bazekien zerbait espainolez, umetan Benidormera joaten baitzen amarekin. «¿Cómo estás?», galdetu zidan. «Hoy hecho polvo». Eta Franzek, txinpartak begietan: «Yo mañana, yo mañana». Glupsss.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna