ANALISIA

Batera pentsatu

Enekoitz Esnaola -

2014ko uztailak 6
Estaturik gabeko herrien artean Ipar Irlandakoa izan da Euskal Herrian modurik bateratuenean aztertu den azkeneko kasua. 1998ko apirilean, Stormont edo Ostiral Santuko hitzarmena sinatu zuten Erresuma Batuko eta Hego Irlandako gobernuek, eta Ipar Irlandako alderdi nagusi gehienek berretsi zuten. Bake prozesurako mugarria izan zen.

Ez ziren nolanahikoak edukiak: bide baketsu eta demokratikoak erabiltzeko konpromisoa, presoen kaleratzea, desarmatzeak, Erresuma Batuko armadaren kanpamentu askoren itxiera, herritarren gehiengoaren erabakiari errespetua, Ipar Irlandako Parlamentuaren sorrera...

Euskal eragileentzat auzi erreferentea zen hangoa. Bazen antzekotasunik: estatuko «segurtasun» indarrak, lurralde zatiketa, autodeterminazioa, borroka armatua, presoak, errepresioa...

1998ko haiek ere garai zailak ziren Euskal Herrian. Pixka bat lehenago —1997ko uztailean—, ETAk Miguel Angel Blanco PPko zinegotzia hil zuen. 1997ko otsailean, Espainiako hauteskundeetan ETAren Alternatiba Demokratikoa bideoa zabaldu zuela egotzita, HBko Mahai Nazionala espetxera bidali zuen Auzitegi Nazionalak —apirilean bermepean libre atera ziren, baina abenduan berriro barruan zeuzkaten, epaiketako zigorraren ondoren—. Kartzelatzearen aurka Bilbon izandako manifestazio batean Ertzaintzak bi lagun balaz zauritu zituen. 1997 hartan, Juan Carlos Hernando euskal presoa hilda agertu zen ziegan, Jose Luis Salegi iheslaria Mexikon hilik aurkitu zuten, ETAk Jose Luis Caso PPko hautetsia hil zuen...

Garai gogorrak ziren, baina EAJk eta HBk elkarrizketaren bideari ekin zioten. PP zen Espainiako Gobernuan, eta Blancoren hilketaz baliatuta, biktimak erabiltzen hasi zen, Mayor Oreja «proiektu partekatua» sarri aipatzen... Bidea elkarlanean egin beharraz gehiago jabetu ziren euskal eragileak. Irmo ekin zioten. EAJk eta HBk, kasurako, sekretupeko batzar bat 1998ko ekainaren 6rako jarria zuten. Goiz hartan Ertzaintzak Ina Zeberio etakidea hil zuen operazio batean, baina EAJk eta HBk eutsi egin zioten bilerari.

HBko Mahai Nazionalak Irlandako Foroa sortzeko proposamena egin zuen. Lehen batzarrean ia hogei eragile bildu ziren, 1998ko ekainaren 20an, Lizarran. Bilgunean EAJ, HB, EA, AB, Zutik, Batzarre, ELA, LAB, Senideak, Elkarri, Bakea Orain eta Eliza 2000 indar politiko, sindikal eta sozialak aritu ziren hizketan. Orduko irailean etorri ziren Lizarra-Garazi akordioa eta ETAren su-etena. Eta, besteak beste, Irlandako prozesuaren eraginez —IRAk ofizialki 2005ean jakinarazi zuen jarduera armatua utzi zuela—, ezker abertzaleak geroago egin zuen bere apustu estrategikoa, Loiolatik-eta igaro ostean.

Hamasei urte pasatu dira Irlandako Foroaren sorreratik, eta estaturik gabeko herrien artean orain beste erreferente batzuk daude Euskal Herrian; Katalunia eta Eskozia, nagusiki. Biok, ordea, ez dira bake prozesuak, baizik eta, demokrazian oinarrituta, burujabetza prozesuak. Baina Euskal Herrian gaur-gaurkoz ez dago haiek modu bateratuan aztertzeko topagunerik.

Eskoziak badu Erresuma Batuaren baimena independentzia galdeketa egiteko; irailaren 18an izango da. Kataluniak ez dauka Espainiako Estatuarena, eta aurreikus daiteke irailetik aitzina talka handia sortuko dela. Generalitateak, hain segur, irailean onartuko du Galdeketa Legea, eta azaroaren 9ko kontsultaren eguna ofizial egingo luke; Espainiako Gobernuak legearen aurkako helegitea aurkeztu, eta Konstituzionalak baliogabetu egingo du. Baina ez du ematen hor geratuko denik kontua. «Denborak oso ondo kudeatu behar dira», esan du David Fernandezek (CUP).

Euskal eragileek, era batera edo bestera, begiratzen diote Kataluniako prozesuari. Eskoziakoa baino gertuagoa egiten zaie. Iazko Diadan han izan ziren alderdiak (EAJ, EH Bildukoak), Udalbiltza, sindikatuak (ELA, LAB), Independentistak sarea... Bakoitza bere kasa joan zen. Prozesu demokratiko eta independentistarekiko atxikimendu sozio-politiko-instituzional sendoa dagoela berresteko aukera eduki zuten. Kataluniaz hitz egiteko hartu-eman batzuk izan dira —adibidez, EAJk eta Sortuk hizpide izan dute euren bileretan; ez daukate iritzi bera—, baina modu zabal, antolatu eta bateratuan ez da bilgunerik sortu. Bakanak izan dira Euskal Herrian Kataluniako prozesu historiko honi buruzko hitzaldiak eta beste. Urkulluk, berriz, Aste Santuan aurrez hedabideei abisatzeke —eta gorbata barik— hartu zuen Mas Ajuria Enean, juntaizoari eite instituzionalegia eman gabe. Demokrazia, zilegitasuna eta elkartasuna bezalako balioak mahai gainean direla, Kataluniako herriarekiko pedagogia gutxitxo gurean, menturaz.

Ahots bateratuek normalki beti dute indarra. Esate baterako, Katalunian 2009ko hondarrean, estatutuaren murrizketaren aurretik, garrantzi kualitatiboa izan zuen hamabi hedabidek argitaratutako editorialak. Ezein prozesutan baldintzak erein egiten dira, ez datoz berez.

Idatzi izan da: hangoak eragina izango du hemen. Halaber: estatua, haustekotan, Kataluniatik hautsiko da. Ondorioz, aritzekotan, herri gisa —kanpoko eta barruko noranzkoetan—, nola aritu Kataluniako herriko prozesuaren / gatazkaren aurrean?

Lidia Pujol katalan kantautoreak esan zuen duela urtebete: «Katalunian desberdin pentsa dezakegu, baina batera pentsatu behar dugu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna