Noiz sortua: 2014-09-21 00:30:00

ANALISIA

Hurrengo urteari begira

Enekoitz Esnaola -

2014ko irailak 21

Jaurlaritzako lehendakari kargua hartu, eta hilabete eta erdira joan zen Urkullu Moncloara, Rajoyrekin biltzeko. Iazko urtarrilaren 30a zen. Hiru gai nagusi izan zituzten: bakegintza, EAEko estatutua eta ekonomia.

Bakegintza: ETAk jarduera armatua utzi ostean irekitako «aukera historikoa» balia zezala eskatu zion Urkulluk: bestelako espetxe politika bat, bizikidetza... «Ez naiz arrapaladan ibiltzearen aldekoa, baina ezin gara geldirik egon. Konplizitateak josi behar dira». Dena dela, hedabideen aurrean ez zuen zehaztasunik eman, gaia «labaina» delako.

Estatutua: falta diren hamalau eskumenak igortzeko eskatu zion. Halaber, adierazi zion ez zegoela ados Madrilek erkidegoei «inposatutako» dekretuekin. Ez zuen argitu EAEko estatus politiko berriaz mintzatu ziren.

Ekonomia: enplegua sortzeko eta ekonomia suspertzeko neurriak martxan jartzea «premiazkoa» zela ohartarazi zion. Kontzertu Ekonomikoaren egokitzapena eta kupoaren likidazioa ere aipatu zizkion lehendakariak.

Baikorra izan zen Urkulluren laburpena: «Bilera ona eta emankorra izan da, akordiorako ateak ireki ditugulako biok».

Ia urtebete eta zortzi hilabete pasatu dira ordutik eta, aurrerapausorik eman gabe, aste honetan berriro batzartu dira biak, Moncloan, Jaurlaritza eta EAJ bilera eskean ibili ostean. «Hiru alor nagusiak», orduko berberak: bakegintza, EAEko estatutua eta ekonomia (ATHa, Fogasa, Foronda...). Erkorekak esan du «aurrerapenik» ez dela izan. Rajoy gutun bidez erantzun ofiziala ematekotan geratu da, baina Jaurlaritzak aurreratu du ez duela gauza handirik espero, eta ez du iragarri zer egingo lukeen ezezkoaren kasuan.

«Estatus berrirako» 2015eko eta 2020ko urteak aipatu izan ditu Urkulluk, baina jendaurrean etorkizuna gutxitxo zehazten duten horietakoa da. Einsteinen aipu bat erabili zuen duela lau urte: «Ez dut etorkizunean pentsatzen, oso azkar iristen baita».

Bitartean, Jaurlaritzak lehengoan segitzen du: Madrili begira, horrek, oraingoz, kasurik egin ez arren. Akordioa nahi du Urkulluk, badirudi zerbaiten zain dagoela. Eskoziako «metodoa» aipatzen du: «Eragile politikoen elkarrizketa eta negoziazioa, gobernuen arteko akordioa eta herri galdeketa». Garrantzia izan dezake ñabardurak: hango metodoa goresten du, ez estrategia eta proiektua.

2007ko bozetan Eskoziako lehen ministro izendatuta, Salmond etorkizuna ikuskatzen hasi zen, Londresi autogobernurako eskumenak eskatzen segitu zuen bitartean: independentziaren gaia atera zuen, 2011n gehiengo osoa lortu zuen, legealdia bukatu aurretik independentzia erreferenduma antolatuko zuela hitzeman zuen, 2012ko urtarrilaren 25ean iragarri zuen aurten egingo zutela kontsulta, zer galdetu zehazten hasi zen, Erresuma Batuarekin galdera eta eguna hitzartu zituen, Independentziarako Liburu Zuria plazaratu zuen, eta ostegunean egin zuten galdeketa. Urkulluk 2012ko urtarril hasieran, EBBko presidente bigarrenez hautatu zutenean, BERRIAn: «Zinez diot, zintzotasun osoz: Eskozia Euskadira begira dago». Ikusi da: Eskoziak ez du nahi independentziarik, eskumen gehiago baizik...

EAJk ez du erakutsi aldarri eta proiektu independentista bat duenik. «Euskadi gero eta independenteagoa», «Euskadi nazioa Europan», «burujabetza partekatua» edota «Espainiarekiko dependentziaren arazoa» aitatu izan ditu asko jota, salbuespen pertsonalak salbuespen.

Berak nahi duen politika «gradualki» egiteko, EAJri PPren gobernuaren gehiengo oso eta zapaltzaileak sortzen dio kezka. Horrela, eta Sabin Etxeak berak daukan jarrera eta estrategiagatik, Urkulluk orain ezin du kasik deus egin «hiru alor nagusiak» garatu ahal izateko; badirudi EAEko legealdia alferrikaltzen ari dela.

2015ean izan lezake aurrerabiderik: udal eta foru hauteskundeak maiatzean, eta, epeak agortuz gero, udazkenean Espainiakoak. Oso litekeena da hurrengo gobernuak Kongresuan gehiengo osorik ez izatea. Gisa horretara mugitu izan da eroso Sabin Etxea. Esaterako, Aznarren lehen legealdian (1996-2000) estatutuaren eskumen batzuk lortu zituen, PPk eta EAJk Madrilgo gobernagarritasun ituna egin ondotik.

Kongresuko egoera posible horretan, eta estatuak EAEko bide ez haustailea sustatzeko, EAJri «hiru alor nagusietan akordiorako ateak» zabalduko litzaizkioke: aurrekontuen bidez ekonomia gai batzuk aurrera ateratzeko; estatutuaren zenbait eskumen erdiesteko —ez gizarte segurantza edo espetxe politika; ukiezinak dira Espainiarentzat—; eta bakegintzan, euskal presoen damuan oinarrituta batez ere, «birgizarteratzea» bilatuz Langraiz bidea garatzeko.

Egokiera horretan luke aukera Araba, Bizkai eta Gipuzkoako estatutu berria negoziatzeko, betiere Salmondek ez bezala estatuarekin haustura demokratikoa bilatu gabe, eta «eragile politikoen elkarrizketa eta negoziazioa, eta gobernuen arteko akordioa» izan ostean, Madrilekin adostutako galdeketa eginda. EAEn 1979an egin zuten izaera horretako erreferendum bat: Gernikako Estatutuarena. Bide horrek indarrean segitzen du EBBn. 2007an Imazek: «Ez inposatu, ez eragotzi».

Urkullu eta Rajoy hiru orduz bildu ziren astelehenean. Madrilen zabaldu dute eskaera batzuk «onargarriak» izan daitezkeela; noizko da beste kontu bat. Ezker abertzaleak, berriz, «erne» egoteko ohartarazi du, estatutu «erreformistaren» aukeragatik.

Gauzak bestelakoak lirateke, zenbakiek ematen badute, Nafarroan UPNrena ez den beste gobernu bat eratzen bada; alderdi abertzaleen(-eta) akordioaren seinale. Hala, beraz, 1979an ez bezala, norabide berrian lurraldetasuna litzateke ardatz; Espainiarentzat, onartezina. Eta, bestela, eztabaida estrategiko handiak aurreikusten dira, ez EAJn preseski.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan COVID-19 gaitzak ez du inor hil du Euskal Herrian, eta hamasei positibo atzeman dituzte PCR probekin. Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Herritarrak paseoan, konfinamendua arintzeko lehen fasean ©Jon Urbe / Foku

Beste hamalau positibo eta hiru hildako jakinarazi dituzte Hego Euskal Herrian

Irati Urdalleta Lete

Murgak iragarri du neurriak areagotzea pentsatzen ari direla azken egunetan festa giroan ikusi diren jende pilaketak «mantenduz eta orokortuz» gero.

Irungo bizilagun batek grabatutako bideoaren irudi bat. ©

Santano: «Asteartean gertatutakoa salbuespena izan da, eta, zoritxarrez, irudi mediatiko bilakatu da»

Bidasoko Hitza

Ekainaren 30ean Irungo Legia kaleko hiru tabernetan gertatutakoaren gainean aritu berri da Jose Antonio Santano alkatea. Ehunka lagunek bete zuten kalea, inongo distantzia eta maskararik gabe, eta tokian bertan grabatutako bideo batek hautsak harrotu ditu.
Irungo bizilagun batek grabatutako bideoaren irudi bat.

Produktibitatea

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna