Eremu desmilitarizatu bat sortzea adostu dute Ukrainak eta matxinoek

Arma astunak frontetik 15 kilometro erretiratuko dituzte, segurtasun eremua sortzeko.

Autonomiari buruzko eztabaida atzeratu egin dute
Errusiak bidalitako giza laguntza Donetsk hiriburua iritsi da.
Errusiak bidalitako giza laguntza Donetsk hiriburua iritsi da. A. ERMOCHENKO / EFE

Adrian Garcia -

2014ko irailak 21
Minskeko zazpi orduko bilerak eman ditu fruituak: Kievek eta matxinoek 30 kilometro zabalerako eremu desmilitarizatu bat sortzea adostu dute. Alde bakoitzak frontetik arma astunak hamabost kilometro erretiratuko ditu, segurtasun gunea sortzeko. Su-etena berretsi dute bi aldeek, nahiz eta irailaren 5ean indarrean sartu zenetik hainbatetan urratu duten. Haatik, akordioa sinatu berritan, bi aldeek elkarri leporatu diote erasoak egin izana. Matxinoen kontrolpeko eremuetan autonomia ezartzeari buruzko negoziazioak aurreragorako utzi dituzte.

Bederatzi puntuko hitzarmena adostu dute aldeek Minsken. Horien artean dago minez betetako eremuak husteko eta lehergailu mota hori berriro ez erabiltzeko konpromisoa. Horrez gain, artilleria astuna herrien inguruan erabiltzea debekatu dute. Matxinoen eskariari men egin dio Kievek, eta abiazio militarrak gatazka eremuan ez du hegan egingo. Halaber, Leonid Kutxma Ukrainako presidente ohiak eta negoziazioetan gobernuak duen ordezkariak nabarmendu duenez, «atzerriko talde armatuak» herrialdetik aterako dira, ustez matxinoek Errusiatik jasotzen duten laguntzari erreferentzia eginez.

Didier Burkhalter ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeko presidentearen hitzetan, «su-eten iraunkor bat» lortzeko bidean, aurrerapausoa da akordioa.

Hala eta guztiz ere, Minskeko bigarren hitzarmenak ez ditu borrokak eten. Interfax albiste agentziaren arabera, bi jaurtigaiek Donetsk hiriburuan jo dute. Matxinoek diotenez, giza laguntza kamioietatik ateratzen ari zirela eraso die armadak. Izan ere, eskualdeko hiriburura iritsi da Errusiatik abiatutako hirugarren giza konboia, 200 kamioi inguruz osatutakoa. Ukrainako armadak, berriz, Donetskeko aireportuaren aurkako erasoak salatu ditu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna