'Xamar'. Idazlea

«Lokala den guztia da unibertsala, giza historia den neurrian»

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2019ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Dibulgazioa izan ohi dute helburu Juan Carlos Etxegoien Xamar-en liburuek (Garralda, Nafarroa, 1956), eta hedapen handia izan dute, besteak beste, Euskal Herriaren historiari buruz idatzi dituen lanek. Baina oraingoan autobiografiaren eta soziologiaren bidegurutzean idatzi du Etxera bidean liburua, baina espero baino oihartzun handiagoa jaso du Nafarroako Aezkoa ibarreko euskararen berreskurapenari buruzko bere lanak.

Zure lanik pertsonalena da.

Aezkoari buruz idatzi nahi nuen. Nafarroa Garaian Aezkoa baita ekialdean euskara hala edo hola atxiki duen azken ibarra, probableki Baxe Nafarroarekin izan duten harremanari esker, eta bertako azken hiztun natural horien lekuko gara. Pena nuen solas hori ez zegoelako gure letretan, eta Aezkoa nolakoa den ere kontatu nahi nuen, ze hausten ditu Euskal Herriari buruzko hainbat topiko: ibarra ez baitzen karlista izan, liberala baizik, oso antiklerikala zelako. Eta halako batean konturatu nintzen hori kontatzeko ildoa gu ginela. Nerabe ginela joan ginelako ohartzen nola geunden desnatibizatuta eta geure historiaz desjabetuta.

Eta hutsune pertsonal hori kontatzeko biografiara jo behar.

Aunitzetan pentsatzen da berreskuratze lan hori dena egiten dela ideologia baten alde, eta horrek bultzatzen gaituela, baina hutsune pertsonal bat zen sentitzen genuena. Zer gara gu? Zer kendu digute? Eta, to!, gure deiturek badute erran-nahi bat, etxeen izenak, herriko toponimia... Ebidenteki, hori politikoa ere bada.

Eten horren jatorriaren bila hasi, eta aski hurbil topatu zenuten, gainera. Liburuan kontatzen duzunez, ez zenekien zure amatxi euskalduna zenik ere.

Aldaketa handi bat izan zen Franco hil aurretik, gauzak pixka bat erlaxatu zirenean. Ikusita gazteriaren mugimendua, xaharrak hasi ziren berriz, batzuk benetako plazerez, euskaraz egiten. Seme-alabei ez zieten transmititu, eta, aldiz, naturalki aritzen ziren gurekin. Harrigarria izan zen, eta izugarri polita. Baina gatazka bat ere izan zen. Gure amak ez zuen sekula ulertu nik egiten nuen bidea, baina bertze aldetik bazen kulpa bota nahi bat, eta aurpegiratzen genien gurasoei nola egin ahal izan ote ziguten hori.

Zuen gurasoak goitik eta behetik zeuden harrapatuta.

Absolutuki! Baina, klaro, hogei urtetan zaude, eta ez dakizu ongi kokatzen hori, eta gero ohartzen zara, perspektiba pixka bat izanik, gure gurasoak biktimak zirela, aitatxi-amatxiak biktimak ziren, eta gu ere biktimak ginen. Baina hori kokatu behar.

Eta denbora behar horretarako.

Erresumina baretzeko denbora behar da, bai. Batzuok berreskuratu genuen, beste batzuk bidean geratu ziren, baina segurtatu zuten seme-alabak euskaldunak izatea, eta beste batzuek ez zuten bidea sekula egin. Baina hori dena kudeatzeko denbora behar.

Aitortu duzunez, ez zenuen liburu honek ibilbide luzeegia egingo zuen esperantzarik.

Sinestezina da! Aezkoari buruzko kontu bat lokala eta pertsonala... Baina banekien lokala den guztia unibertsala dela, noski, giza historia den neurrian. Bigarren edizioan sartu ginen iaz, eta saria jaso du orain, beraz, ba, mila esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.