'Ospa'

'Bartleby' iheslariak

Egilea: Juan Luis Zabala. Argitaletxea: Susa.

2017ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Bere mailarik gorenena jo zuen Juan Luis Zabalak (Azkoitia, 1963) aurreko liburuarekin, Txistu eta biok (Algaida, 1963)nobelan auto-fikzioaren muga lausotuak jorratu zituen irakurleari thriller-aren eta eguneroko literarioaren arteko artefaktu iradokitzailea eskainiz. Iruzkingileren batek liburu hartan errealitatearen eta fikzioaren arteko marrak argi ez zehaztea leporatu bazion ere, fikzioa eta errealitatea gauza bera izan litezkeela frogatu zuen eleberri gozagarri hartan.

Oraingo Ospa (Susa, 2017) ipuin liburuan, hamar urtean zehar idatzitako 23 narrazio labur biltzen dituena, fikzioaren lurraldeak nabarmenagoak izan arren (ez da kasualitatea zenbait kontakizunetako protagonista emakumeak izatea, besteak beste), eraikitako istorio guztiek dute Zabalaren zerbait, edo haren pertsonaia literarioarena: ezkutatzeko beharra eta ironiaren bidez ihes egiteko joera, artearen eta bizitzaren arteko hausnar erakargarriak eraikiz. Zabalaren ibilbideari jarraitu dionak, idazle zein kultura kazetari modura (liburu honetan ere ez dira falta BERRIAn emandako urteen gaineko aipamenak, oraingoan zeharkakoak), badaki zeintzuk diren etxeko markak, ipuinotan nabarmen ageri direnak: errealitatea ulertu ezinak sortzen dituen paradoxak, egile modernoen etengabeko kontraesanak, tonu ironiko eta apalaren nagusitasuna, errealitatetik ihes egiteko norbere baitan biltzea, prosaren estilo gardena eta zehatza...

23 kontakizunetan ez dago istorioak biltzen dituen gai bakar bat, liburuaren kontrazalean edonor izan litekeela istoriootako protagonista nabarmentzen duten arren, ene aburuz, protagonista bakarra, batez ere munduarekiko begirada leun eta umoretsuaren jabe, Juan Luis Zabala bera da, edo haren pertsonaia literarioa. Ardatz totemikoek ez dute huts egiten: txirrindularitza mitikoaren gorazarrea 1974ko Italiako Giroa ipuinean, esaterako, kirolak gure psikean duen eraginaz ari da, gatazkaren oroimen partikularrez ari da, iritzi nagusien iluntzetara, Euskadiko oroitzapenak izenburukoan, Mikel Laboaren heriotzaren gainean, errealismo magikoaren ukitu batekin, ezkutuan bere ospea bizi nahi izan zuen mitoaren potreta anti-mitikoa Txoriaren hegaldiaren atzean izenekoan...

Apika liburuko ipuinik onenen artean dago, Ipuinik onena izenburukoari ohorea lapurtuz, Hiru aste Win Wendersekin. Bartleby-aren rola «aukeran nahiago ez» Melvilleren izkribatzailearen antzera jokatzen duen idazle euskal ezkutu batek Win Wenders zinemagile independente ospetsuaren dei sinesgaitza jasoko du. Idazlearen etxean zenbait astez doako apopilo hartu ondoren, bien arteko erlazio bitxia sortuko da. Wenders hurrengo filmerako gai bila dabil, baina ez du Euskal Herriaren gaineko lan antropologikoa egin nahi. Zertarako sortu? Zertarako idatzi? Zertarako bizi?

Liburu honetan, bederen, ipuinak garatzeko ideia sinpleak darabiltza Zabalak, mikro-ipuinetan batez ere, abiapuntua garatuz garatzen baita ipuina bera, hala nola, arestian aipatutako Ipuinik onena delakoan, non literaturaren benetako balioaz hausnarketa egiten den, inongo sakontasunik gabe idatzitako ipuin batek jasotzen dituen laudorioen karietara. Puri-purian dagoen gaia, emandako azken sariak direla eta. Ipuin bilduma heterodoxoa eta gaiak anitz izan arren, Zabalak beti hitz egiten digu bere kontraesanez, gureak eginez, direla politikoak, kulturalak edota pertsonalak, eta ez du kale egin genero laburrean ere. Aukeran, nahiago Zabala ez ezkutatzea, idazten jarraitu dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.