Albistea entzun

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Lehendakarigaiak. Maddalen Iriarte. EH Bilduren lehendakarigaia

«Sinetsita gaude hau dela EH Bilduren momentua»

Herritarren balioekin «konektatzen» dutelakoan, Iriartek uste du «herri honek» behar duela bere taldeak gobernatzea. «Agortuta» ikusten du Urkullu, garai batean sortutako ereduaren «apurrak» kudeatzen. Bideoan, BerriaTBren galdetegia.

EIDER EIBAR

Enekoitz Esnaola -

2020ko uztailak 9 - Donostia

2016ko hauteskundeetan berria zen plaza politikoan. Orain, kanpaina arduradunek ikur propioa sortu diote boz hauetarako: m, bere izenaren lehen hizkia. Maddalen Iriarte da (Donostia, 1963), EH Bilduren lehendakarigaia.

Oraingo hauteskundeetan EH Bilduk badauka lehendakarigaia. Aurrekoan, hiru zineten.

Bai, baina salatuko nuke duela lau urte Otegiri utzi ez izana lehendakarigai izaten. Oraingoan erabakia geneukan zein den Otegiren eginkizuna, zein nirea, eta bai, orain lehendakarigai bat dugu: ni neu.

Webgune pertsonal eta guzti.

Bai. Gustatu zaizu?

Polita da. Argazki bilduman, jaioberri zineneko bat ageri da...

Gure aita kartzelan zegoela jaio nintzen ni. Hilabete batzuk nituela ikusi ninduen lehen aldiz aurrez aurre. Sorian eta Carabanchelen [Espainia] egon zen, eta haietara eramaten ninduten. Beraz, aspaldi hasi zen haur motxiladunen historia. Meliton Manzanasek gure aita ere torturatu zuen.

Otegi ere badabil mitinetan...

Gure koordinatzaile nagusia da.

Itzal handiko politikaria da.

Bai. Esanda nago Euskal Herriko lider politiko esanguratsuena dela.

Itzala egiten al dizu?

Ez dago itzal arazorik. Garbi dugu bakoitzak zer eginkizun duen, eta gurea talde lana da. Otegiren zeregina ere bada Euskal Herriak datozen 10, 20, 30 urteetan nolakoa izan behar duen diseinatzea.

Ibarretxe estimatzen zenuen...

Nik esan nuen Ibarretxeri behin botoa eman niola.

Zer urte zen?

Ibarretxe plana aurkeztu ondoren izan zela uste dut.

Beraz, 2005ean. EAJ-EAri botoa.

Hala izango zen. Izan ere, iruditzen zitzaidan herritarren babesa behar zuen plan bat zela hura.

Baina EAJk, EArekin, eduki programatiko bat ere bazeukan.

Orain bezala, garai hartan urruti nengoen EAJren herri eredutik.

ETA ekinean balego, zaila zu EH Bildun hautagai izatea?

Bizitza osoan zehar giza eskubideen aldeko defentsa egin dut, eta lan hori egiteko nago EH Bildun.

«Prest» zaudete. Zertarako?

Sinetsita gaude hau dela gure momentua. Herri honek behar du EH Bilduk gobernatzea.

«Sinetsita», zergatik?

Jendearen balioekin konektatzen dugu: ingurumena, feminismoa, burujabetza... Herri honek trantsizio berri bat behar du erakundeek jendeari erantzuteko, eta inertzia zaharrak gainditu, eta herri hau berreraiki egin behar dugu.

Zaharkiturik ikusten al duzu?

Urkullu agortuta dago. Duela hamarkada batzuk indar komunitario handi batekin sortu zen ereduaren apurrak kudeatzen dabil.

Ez duzue erraza. EAJk 2016an 173.000 botoren aldea atera zizuen, eta, iazko bost hauteskundeetan, batez beste 150.000koa.

Baina batzuetan lasterketa irabazi egiten da uste ez arren. Espero ez genituen udalak lortu ditugu.

Bizkaian zulo elektoral handia duzue: 2016an 173.000 botoren aldea, eta horietatik 139.000, Bizkaian.

Egia da zuloarena, baina pixkanaka ari gara hazten. Iazko udal hauteskundeen ostean, Durangoko, Arrigorriagako eta Galdakaoko udalak hartu genituen lehen aldiz.

Bilbo Handian zaudete eskas.

Nahi dugu han ere ikus dadila herri gisara eta ezkerretik bidea egiteko alternatiba bakarra EH Bildu dela.

Nolakoa da beste alternatiba?

EAJ-PSErena. EAJ bozkatu ala PSE, txanpon berarekin jokatzea baino ez da. Batak bestea neutralizatzen du. Haiena ez da ez gobernu progresista eta ez gobernu abertzalea.

Ez harritu gehiengo osoa lortzen badute oraingoan.

Eta ez harritu lortzen ez badute. Hauteskunde hauetan ez naiz ezerekin harrituko.

2016an aulki batera geratu ziren.

Eta gutxiengoan, akordioetarako gaitasunik ez dute erakutsi. Ondorio bat da asmo legegileak heren batean baino ez dituztela bete.

Zuei kostatu egiten zaizue gobernu aliantzak egitea.

Udal batzuetan egin ditugu; berriak. Guk aliantzak edukietan oinarrituta egiten ditugu.

Zuk uste EAJk ez duela EH Bildurekin ezer jakin nahi?

Aspaldi da ezer jakin nahi ez duela.

Zuek egingo al zenukete gobernu akordioa EAJrekin?

Baldintza batzuetan, bai.

Zergatik ez du aurrerabiderik izan EAEko estatus berriaren oinarriez lortutako akordioak?

Urkulluri ez zitzaion batere gustatu. Hark aukera handi bat galdu du herri honek aurrera egin dezan. Ez dio batere probetxurik atera aukerari.

Legealdi hasieran EAJri herri akordioak eskatzen aritu zineten. Denbora galdutzat al duzu?

Gu prest gaude herri akordioak egiteko, herri honek Espainiako Estatuarekiko beste harreman bat izateko. EAJ da uko egin diona horri, uko egin dio berak akuilatutako kontzertu politikoa terminoari, eta uko egin dio, neurri batean, erabakitzeko eskubideari.

Zuek zeri eusten diozue?

Erabakitzeko eskubidea egikaritzeko modua eta edukia jaso nahi ditugu estatus politiko berrian.

Bare dago EAEko politika.

Gu egunero ari gara euskal errepublikaren alde. 10 (+1) konpromiso ekinbidea aurkeztu dugu, eta +1 hori da beste guztiak egikaritzeko ezinbestekoa: burujabetza.

Posible ikusten al duzu EH Bildu-PSE-EPren gobernua?

PSEk ez du nahi.

«Zoru etikoa» eskatzen dizue.

PSEk nahikoa argi du EAJren neutralizazio lana egin behar duela. Bestela, ez da normala guri hori eskatzea, ikusita Madrilen zer harreman dugun eta Nafarroan EH Bilduren zer behar duten.

Ba al duzue eraso edo ekintza batzuen kontrako irmotasuna?

Oso argi hitz egin dugu pintaketen inguruan, esan baitugu gure dinamikatik erabat kanpo zeudela, eta Idoia Mendiari egindako erasoa onartezina zela. Are gehiago: Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean ni saiatu nintzen adierazpen baterako akordioa eginarazten, aipatutako horiek onartezinak direla esanez. Beraz, gure jarreratik zer ez dute ulertzen?

Idoia Mendiak dio zuen kide esanguratsuek idatzi ziotela.

Mendiak badaki Jone Goirizelaiak [EH Bilduko Bilboko zinegotzia] udaletxera adierazpen bat eraman zuela, Mendiaren senar Alfonso Gilek [PSE-EEko zinegotzia] onartu egin zuela, baina gero Gil EAJrekin bildu zen eta atzera egin zuten.

Euskal presoak egotea zama bat al da EH Bildurentzat politika baldintza hobeetan egiteko?

Herri honentzat da zama.

EH Bilduri eta haren kide Sorturi arreta handia eskatzen die gaiak.

Mendekuzko espetxe politika amaitzearen alde ari gara. Beste gatazketan presoei irtenbide bat eman diete. Espainiako legedia betez, arindu daiteke salbuespen egoera, eta gero justizia trantsizional bat adosten hasi beharko da. Aieteko Adierazpenetik lehendabiziko puntua baino ez da bete.

Luzatzen ari al da auzia?

Bakearen bidean eta elkarbizitzan oraindik bide luze-luzea dugu egiteko. CIAren paperek, adibidez, pil-pilean jarri dute oso ezkutuan izan duten gaia. Nik eskatzen dudana da giza eskubideak pertsona guztientzat, eta egia, aitortza eta erreparazioa biktima guztientzat.

(Maddalen Iriarte, ekainaren 24an, Donostian. JAGOBA MANTEROLA, FOKU)

Alor soziala ari zarete nabarmentzen. Denok zabiltzate horretan.

Baina guk COVID-19aren aurretik ere esaten genuen eredu aldaketa bat behar dela, inor bazterrean ez uzteko. Politika publiko indartsuak behar ditugu jendea babesteko. COVID-19ak hiru krisi oso agerian utzi dizkigu: sanitarioa, ekonomikoa eta psikosoziala. Eta, esaterako, EAJ-PSE gobernuak Osakidetza bazterrean utzi du.

Ezetz diote haiek.

Hor daude datuak: azkeneko urteetan Osakidetzaren lanpostuetan %40ko behin-behinekotasuna dago, %10 gutxitu dira oheak...

Zer neurri hartuko dituzu Jaurlaritzako lehendakari bazara?

Ezetz esango diet prekaritateari eta murrizketei, badaudelako jendearen aberastasuna banatzeko beste modu batzuk eta badaudelako beste iturri batzuk.

Zein diru iturri?

Berehala hasi behar dugu aztertzen politika fiskal berri bat, eragile eta pertsona ezberdinekin. Aldaketa fiskal bat egitea urteetako kontua da, baina baditugu orain behar batzuk erantzun beharrekoak, eta guk horregatik eskatu dugu COVID-19 tasa.

Zerga batzuk igotzeak talka lekarke enpresarien elkarteekin.

Lehendakariak talkarako bide gutxi jarri behar ditu eta akordiorako asko, elkarrizketarako bideak zabalduta, ados egon ala ez egon. Hain zuzen, Urkulluk egin ez duena da. Ez du lortu ELArekin eta LABekin harreman normal bat izaterik.

Lehengora joz, ordea, Confebask aurka zenukete enpresei zergak igoz gero.

Baina Confebaskek eta hauek ez dituzte ordezkatzen enpresari guztiak. Herri honetan altxor bat dira familia enpresak, enpresa txikiak, lurrari eta herriari lotutako enpresariak... Munduan herrialde gutxik dute halako altxorrik.

Zer harreman izango zenuke Confebaskekin eta?

Lehendakaria banaiz, deituko diet, hitz egingo dugu, eta ikusi.

Zorpetzearen alde al zaude?

Bai, baina galdera zera da: zorpetu, zertarako? AHTa egiteko baldin bada, ez dugu nahi zorpetu.

Zertarako bai?

Enpleguaren akordio bat egiteko, soldataren arrakala gainditzeko edota jendea zaintzeko.

Eta AHTarekin zer egingo zenukete? Moratoria? Utzi?

Orain gelditu egin behar da, eta, gero, aztertu zer egin. Ezin zaio jendeari esan krisi batean gaudela, ezin zaiela erantzun —adinekoen egoitzak goitik behera jausita daude, esaterako-, eta tren horren kilometro bakoitzeko 43 milioi euro gastatuko ditugula. Gainera, Europak belarrondoko bat eman du, esanez tren hori ez dela inondik inora joango gutxienez datozen 30 urteetan.

Ez du egitasmoaren aurka egin.

30 urte barru datuak beste era batera joango dira; oso digitala izango da guztia. Hori da apustua. Ez dugu halako tren bat beharko.

Egiten ari dira, ordea.

Tren hau Jaurlaritzaren zapatan harri kozkor bat bilakatu da, eta obsesionatuta dago. EAJko jende batek esaten du bere garaian ez zutela asmatu, eta ikusten ari direla tren horrek ez duela zentzurik.

Guztia eragileekin aztertu behar dela diozu. Zuen kudeaketa motel samarra ez al litzateke?

Erabaki propioak ere hartu behar dira, jakina, eta hartuko ditugu premiazkoak diren gaietan; adibidez, krisi honetakoak: enplegukoak, osasun arlokoak... Baina badira herri batentzat zutabe diren ildoak, eta adostasun handiak bilatuko ditugu.

Zer zenuke ikasteko EH Bilduren munizipalismoaren kudeaketa modutik?

Gu gauden udaletan oposizioko alderdiekin elkartu gara, herriko eragileekin ere bai, eta akordio zabalak lortu ditugu. Herritarrei ere iritzia galdetu behar zaie, inplikatuak sentitu daitezen. Filosofia hori ezarri nahi dugu Eusko Jaurlaritzan.

Bost talde nagusietako lehendakarigaiak eta Equo Berdeetakoa euskaldunak zarete.

Nik euskaraz egiten dut haiekin.

Politika erdaraz egiten da.

Bai. Aldatu behar da hori ere. Hemen diskriminatuak euskaldunak gara, gure hizkuntza eskubideak ez direlako betetzen arlo publikoan eta pribatuan, egunero.

ETBren mikro baten aurrean ETB2rako gazteleraz aritua zara.

Bai, baina oso gutxitan. Salbuespentzat hartu behar da. Azkeneko 30 urteetan euskaraz egin dut lan.

EITB ezagutzen duzu, barrutik. Ba al du aniztasun politikoa?

Nik orain telebistan ikusten dudana ez da herri honetan dagoen aniztasun politikoaren isla.

Lerrokatua dagoela al diozu?

Bai, Jaurlaritzarekin erabat. ETB1en aritu nintzenean, saiatu nintzen aniztasuna bermatzen. Telebista publiko batek bermatu behar du. Hedabide publiko bati eskatzen diodana da boterearekin zorrotza izan dadila, beti.

BESTE ELKARRIZKETAK:
Jose Ramon Becerra (Equo Berdeak)
Idoia Mendia (PSE-EE)
Miren Gorrotxategi (Elkarrekin Podemos)
Iñigo Urkullu (EAJ)
Oharra: Carlos Iturgaizek (PP-C's) ez dio elkarrizketa eman BERRIAri

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Urkullu, gaur, herritarren galderak erantzuten. ©Irekia

Pentsio minimoa hobetzea eta AHTa «bateragarriak» direla esan du Urkulluk

Edu Lartzanguren

Herritarrek eginiko 20 galderari erantzun dio Iñigo Urkullu lehendakariak, #UrkulluTopaketa ekimenaren barruan.

ETArena izan zitekeen aspaldiko zulo bat aurkitu dute Ataunen

ETArena izan zitekeen aspaldiko zulo bat aurkitu dute Ataunen

Berria

Herritar batek aurkitu zuen Aitzarte edo Ataungo Domoan.

Maddalen Iriarte, gaur, Gasteizen egindako ekitaldian. ©EH BILDU

PSE-EEk Gernikako Estatutuaren ekarpenak nabarmendu ditu; EH Bilduk, gabeziak

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Estatutuaren 42. urteurrenean, PSE-EEk autogobernuarekiko «konpromiso jarraitua, zintzoa eta arrakalarik gabea» berretsi du, eta nabarmendu du estatutu berri bat egitekotan «memorian oinarritua» beharko lukeela. EH Bilduk uste du estatutua ez dela «gai Euskal Herriaren eta herritarren beharrei» erantzuteko.

Milaka urrats «etxera bidean»

Milaka urrats «etxera bidean»

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Euskal presoak Euskal Herrira ekartzea, «bizi osorako» zigorrak etetea eta gradu progresioei bide ematea galdegin dute Donostian. Urtarrilaren 8an berriro kalera ateratzeko deia egin du Sarek

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.