Inbestidura saioa

Rajoy: «Konstituzioa eta legedia beteko direla bermatzen dut»

Espainiako presidenteak «elkar ulertzea eta adostasuna» eskaini dizkio Torrari, baina mugak argi paratuta. PSOEk babesa eman dio Rajoyri

Mendez de Vigo Espainiako Gobernuko bozeramailea eta Rajoy presidentea, elkarri eskua ematen, atzo. PABLO MARTIN / EFE.
mikel rodriguez
2018ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Mariano Rajoy Espainiako presidenteak «elkar ulertzea eta adostasuna» eskaini zizkion atzo Quim Torra Kataluniako presidente hautatu berriari, baina argi utzita mugak orain arteko berberak direla. «Baina hori erran dudan bezala, eta hala sentitzen dudalako erran dut, Espainiako Konstituzioa eta legedia beteko direla bermatzen dut. Eta uste dut ona dela baieztapen hori egitea, inor nahas ez dadin», adierazi zuen Segovia hirian egindako ekitaldi batean. Gaur, Moncloa jauregian, Pedro Sanchez oposizioko lider nagusia (PSOE) hartuko du, Torraren inbestidurari buruz solas egiteko; etzi, berriz,oposizioko hirugarrenarekin elkartuko da, Albert Rivera Ciudadanoseko buruarekin.

Hain zuzen, Ciudadanosek PPren aurkako jarrera hartu du azken aldian —«haustura» ere aipatu zuen Riverak joan den astean—, Espainiako Gobernuko alderdiak independentistekin jarrera leundu duelakoan. Torra presidente izendatu ondoren, Katalunian gobernua osatzea izanen da hurrengo pausoa. Rajoyk behin eta berriz erran izan du gobernua osatzea beharrezkoa dela Espainiako Gobernuak autonomia berrezartzeko, eta EAJk PPri ezarri dion baldintzetako bat da Kataluniari autonomia itzultzea, jeltzaleek estatuko aurrekontuei babesa emateko. «Rajoyk bidea ezarri behar du; EAJk ezin dumarkatu agenda politiko nazionala», adierazi zuen atzo Riverak, Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentearekin batera Madrilen egin zuen agerraldi batean. Riverak elkarrizketa eskatu dio Rajoyri, baina helburu argi batekin: «155.aren aplikazioa nola luza daitekeen aztertzeko».

Rajoyk Ciudadanosen kritikei erantzun die: «Antsietateak ez darama inora; ez du deus konpontzen, eta ez da pertsonek orain behar dutena egoera konplexu hau konpontzeko». Espainiako Gobernuak joan den urriaren 27an aplikatu zuen konstituzioaren 155. artikulua, Kataluniari autonomia kentzeko.

PSOE eta 155a

PSOEk adierazi du prest dagoela Espainiako Gobernua babesteko 155. artikulua berriz aplikatu nahi badu. «Lehenbiziko aldian bigarrenean baino zailagoa da», adierazi zuen atzo Jose Luis Abalos antolakuntza idazkariak. «Ez da inolako nekea berriz ere babestea erantzun konstituzionala». Abalosek gogor kritikatu zuen Torraren inbestidurako hitzaldia, eta uste du presidente berriak «legitimitatea kendu» diola bere buruari, «justiziaren iheslari baten zerbitzura» egonen delako, Carles Puigdemont presidente ohiari erreferentzia eginez.

Podemos oposizioko bigarren alderdiak eta haren aliatu katalanek ere gogor jo dute Torraren aurka. «Nahiz eta errepublika anitz aipatzen duen, ez ditu anitz betetzen horren printzipioak: askatasuna, berdintasuna, senidetasuna», idatzi du Ada Colau Bartzelonako alkateak Facebooken.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.