Ane Garcia Lopez.
MELE

Konexioak

2020ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun

Gaur goizean trena hartu dut Donostian, eta ezusteko elkarrizketa bat izan dut pertsona ezezagun batekin. Nire ondoan eseri (2 metro, maskara eta eskularruak), eta hizketan hasi zait, aholku eske: «Pertsona bat gustatzen zait eta ez dakit zer egin», esan dit. «Downen sindromea daukat, eta ez da erraza. Jendeak uste du tontoak garela, eta ez da hala. Nik maitatuko nauen norbait nahi dut, ez besterik». Tori lezioa. 96 zentimo ordaindu dut bidaia-txartela.

Aurreko batean Venezuelako emakume batekin aritu nintzen hizketan. Adinekoak zaintzen zituen, eta bere egun librea hondartzara pasatzera zihoan trenean. Kontatu zidan paperik ez zuenean zegokion soldata ez ordaintzen saiatu zela familia bat, bere «ilegaltasuna» baliatuta. Elkarteetara jo zuela beti informazio eske, bere lan-eskubideak tinko defendatzeko. Tori beste lezio bat. 1,43 euro.

Beste batean, xelebre-itxurako emakume batek gainean neraman gitarraren inguruan galdetu zidan: ea non jotzen nuen, ea ezagutzen nituen Los Rolling. Ba ote nekien bat hil egin zela, eta hil zen hark 1,68 metro baino ez zuela neurtzen. Agertoki gainean izugarriak baziruditen ere ez zirela horrenbesterako. Tori Angie kanta. 1,43 euro.

Auto bat erosi dut duela gutxi. Lehena. Denbora gutxiago galdu nahi nuen geltokietan, konexioen zain. Eta gaur goizean trenetik jaitsi ondoren konturatu naiz ez dakidala non aurkituko dudan jende hori, nirekin espazioa oharkabean partekatu arren beste errealitate bat bizi duena. Lau gurpildun burbuila indibidualean baldin banoa alde guztietara, non jazoko dira halako konexio gertagaitzak? Non jasoko ditut halako lezioak orain?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.