Ane Garcia Lopez.
MELE

Lurralde basa

2022ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Obsesio bat daukat. Tira, bat baino gehiago; baina nire obsesio handia bat eta bakarra da: sektak. Nirekin erdi maiz bazkaltzen duen jendeak (familia, lankide eta lagunok, eskerrik asko pazientziagatik) badaki edozein elkarrizketatan helduko dela momentu bat non lotura inprobable bat egingo dudan mintzagaiaren eta sekten artean.

Faszinanteak iruditzen zaizkit. Fantasia ero eta makurrak. Eskala txikiko gurtza-sistema ustez hippy edo antisistemak. Baina faszinanteena, nire ustez, faxismorantz eta autoritarismorantz lerratzeko duten joera inebitablea da. Drama bat dira beti, drama aurreikusgarri bat. Sofaren abarotik ikusitako dokumental guztietan erokeria dirudite beti: nola sinetsi zioten guru horri? Nola da gai jende hori dirua / gorputzak / bizitza itsu-itsuan emateko liderrari? Nola baztertzen dituzte familia eta lagunak? Nola sinetsi dezakete «hurrengo dimentsiora» pasatzeko beren buruaz beste egin behar dutela liderrak hala esan duelako?

Ez dut ondorio zientifikorik atera. Egunen batean Soziologia ikasten badut hau izango dut aztergai. Baina milagarren dokumentala ikusi ostean, esango nuke sektek jendea harrapatzen dutela behar humano oinarrizko bati erantzuten diotelako: zerbait sinesteko beharra, taldea sentitzeko beharra, gizarte osoaren aldean antisistemago sentitzeko beharra, besteek ez duten egia bat dugula sentitzeko beharra, bizitzari zentzu itxi bat emateko beharra. Eta behar horiek humanoak diren aldetik, denok gara sekten eta, ondorioz, autoritarismoaren eta faxismoaren bazka potentziala, ez bagaude zalantzaren eta ziurgabetasunaren zirrikituari etengabe begiratzeko prest.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.