Ane Garcia Lopez.
MELE

Tutankamon

2022ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Pasa den larunbatean izan genuen lehenengo ezkontza lagun-taldean. Horrek bi gauza esan nahi ditu. Alde batetik, lehen aldiz ikusi nuen konbentzio sozialak ezarritako gidoi konkretu hori nire begien aurrean betetzen, alboan txiki-txikitatik ezagutu dudan jendea nuen bitartean. Zenbait momentutako hunkidura antzeko hori izan zen gehien harritu ninduena; halako errituala egitea erabakitzen dutenengatik poztu arren, oso urrun sentitzen dudalako gidoia.

Bestalde, larunbateko ezkontzak bizitzako hiru ajerik okerrenen artean sailkatzeko moduko biharamuna ekarri zidan igandean. Top three. Tutankamonen antzera pasa nituen goiza ohean eta arratsaldea sofan, ameba egoeran, ezin jan, ezin edan, telebistak proposatzen zidanari men egiten. Eta telebistak, nola ez, pelikula erromantiko bat eskaini zidan. Berriro ere harritu ninduen hunkidurak.

Eta sentsazio harekin batera, gogora eta gorputzera etorri zitzaidan izan nintzen nerabe hura eta jaso zuen hezkuntza afektibo-sexual kulturala: lagunekin behin eta berriz ikusi zuen El diario de Noah filma, oso-osorik irentsi zuen Verano en vaqueros liburu-saila, lehengusinarekin goitik behera irakurri zituen Bravo, Superpop eta Loka aldizkariak. Jaso zituen mezu kontraesankor eta matxistak, ulertzea kosta zitzaion sabelpeko sentsazio ezagun eta anbiguo hura, lehenengo nobio-arekin erreproduzitu zituen eredu normatibo guztiak.

Eta nik, Master Amaierako Lana maitasun erromantikoaren diskurtsoaren aurka eraiki zuen honek, ez nuen nerabe harekin ondoriorik atera: soilik pasa nuen arratsalde tutankamonikoa berarekin; bere hunkidurekin eta ametsekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.