Elurre Iriarte Bañez.
MELE

«Angolan halako batzuk hil nituen»

2020ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun

Gazte zela joan zen Evaristo Marinho portugaldarra Angolara, hango independentisten kontra borrokatzera. Bruno Candé aktorea ere portugaldarra da. Bere azalak arbasoak oroitarazten baditu ere, Lisboakoa da.

Brunok zakur laguntzailea behar du duen mugikortasun arazoarengatik eta zakurrarekin muturkatu da Marinho, Angolatik zainetan arrastaka eramaki duen gorrotoa hirian barna paseatzen ari dela. Brunorekin eztabaidatu du, iraindu, mehatxatu, azalaren kolorea eta jatorria aipatuz. Handik egun batzuetara, Angolan bezala, lau tirokin baretu du bere barna.

Hurbilago pasatu bada ere, handik aste batera ailegatu zaigu berria. Ez du George Floyden abiadura bera izan, ez ditugu sare sozialak #blacklivesmatter traolekin beteak ikusi, baina sinetsi nahi dut hango leherketak olatua sortu duela. Herritarrek Marinho atxikitzen erreakzionatu dute. Kasu honetan ez dago irudirik.

Horren bertze aldean zenbaiten erreakzio arrazista izan da. Eskuindarrek gezurrekin biktimizatu dute hiltzailea eta biktima susmagarri bihurtu. Gainerako alderdi politiko eta erakundeek isiltasuna bazkatu dute. Erasoak izateko aukera handia dagoelakoz zigortzen du Portugalgo kode penalak gorrotoarengatik diren erailketak. Polizia burua talde faxista bateko kidea izateak ez dio kode penalari sobera lagunduko.

Arrazakeriaren kontrako olatu hau bertze erauntsi batekin ailegatu da. Eskuin muturra indartzean, indartu da arrazakeria. Baina aitzinetik ere larria zen, Euskal Herrian barne. Erdi Arotik ijitoek bizitza gurea bezalakoa izatea nahi dugu, Marinhok portugaldar guziak bera bezalakoak izatea nahi duen bezala. Ea guk ere olatua hartzen dugun eta ez erauntsia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.