Xabier Landabidea Urresti.
MELE

Rolean

2021eko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Atez ateko Biblia edo entziklopedia saltzaile bihurtzen naiz rol jokoez aritzerakoan. Edozein aitzakia erabili dezaket paganoak ebanjelizatzen saiatzeko: norbaitekin igogailutik irten ezinik gelditzea edo abuztuko BERRIAko azken zutabea adibidez.

Euskaraz sortutako bi rol joko daude, dakidala, merkatuan: euskal erdi aro mitikoan kokatutako Adur (adurjokoa.eus) eta Euskal Herri garaikide eta surreal batean kokatutako AtopiaRPG (atopia.eus). Gainera, euskarazko rol materialean aitzindari erabatekoa izan zen Antzinako Eskola itzulpen mitikoa ere eskura dago (viejaescuela.nogarung.com).

Inoiz jokatu ez duzuenok jakin behar duzuena da rol jokoek abiapuntuak eskaintzen dituztela taldean (edo bakarka, hori ere posible baita) ahozko istorioak bizi eta inprobisatzeko. Momentuz euskaraz hiru lan bakarrik ditugun arren, Adur, Atopia eta Antzinako Eskolaren baitan milioika istorio potentzial daude, nork jokatuko esperoan.

Aurten Bilboko Aste Nagusia bertan behera gelditu da berriro ere, eta Bilboko Konpartsek antolatutako Bilboko Irriaren egitaraua ere moztuta ezagutuko dugu. Zorionez, mozketetatik libratu egingo da bihar arratsaldean Adur eta Atopiak Bilboko Areatzako tingladuetan egingo dugun erakustaldia. Gauza txikia izango da, mahai bakoitzean bost jokalari eta zuzendaria (Atopian «maizterra», Adurren «gidaria»), eta nahi duenarentzako istorioa zuzenean jarraitzeko aukera.

Harrigarria da zer gutxi behar dugun mundu berriak eraikitzeko. Tarte bat. Lagun taldea. Dado batzuk, edo bi aldeko txanponak. Eta kasu honetan Marijaia, noski.

Probatu ez duenak ez daki zer den hau!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.