Aner Euzkitze.
MELE

Hementxe gaude hementxe gaude

2022ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Gasteizko pisua utzi nuenetik, ez daukat batere argi zein den ostiralen izaera. Post-ostegun izateari utzi ziotenetik, ez dakit pre-larunbat ote diren, zer zapore izan behar duen goizetako kafeak edo autobuseko siesta non egiten den. Agian, ostiraletan parranda egiten hasi beharko nuke.

Berdintsu daramat sortzailearen azken aldiko motxila erantsia ere. Lan batzuetarako deitzen hasi zitzaizkidanetik, ez dakit lan batzuk egin nahi ditudan; lehen banekien baietz. Lur idorrari bi tanta txiki bota nizkionetik beste aldean sentitzen hasi naiz tarteka. Agian, ezezko konbentzituak ematen hasi beharko nuke.

Maiz iruditzen baitzait kupo bat betetzen ari naizela bertsotarako deitzen didatenean. Iruditzen zait saio ofizialetan kantatzeko gazteegia eta eskasegia naizela, eta gazte-saioetarako agenda beteegia daukadala. Antzezlan bat egiteko estatikoegia naizela eta bertsotarako espresiboegia. Gai serioez aritzeko inozoegia eta umore banalerako sakonegia. Iruditzen zait transmaribollo saioetan kantatzen dudala ez diotelako bollo-saio deitu nahi, musikari izateko deitzen didatela merkea naizelako eta ez dakitela nor naizen idazteko eskatzen didatenek. Lekua zor zaidala, baina lekua kentzen ari naizela. Ez dakidala zer espero duten nigandik.

Eta hara, hortxe nengoen, ba, abuztuko ostiraletako txokotxo hau betetzeko proposamena iritsi zitzaidanean. Hementxe nago. Honi ere baietz, ezetz ez esateagatik. Nahi dudalako, baina ez dakidalako nire lekua ote den. Ez dakidalako zer espero duzuen nigandik, baina ezta zuek ere nik zuengandik zer espero dudan. Agian, «espero izan» aditza deklinatzeari utzi beharko nioke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.