Aner Euzkitze.
MELE

Oinak mozteko metodoa

2022ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Familia gehienetan bezalaxe, gurean ere badaukagu izeba moja bat. Zaragozan bizi da, eta tarteka etortzen da bisitan. Kristoren grazia dauka. Azken bisitan kontatu zigun anekdotarekin itxi nahi nuen abuztuko lau buruko gorputz hau. Ea ba.

«Umeei eskolak ematen aritzen nintzen garaian, izan nuen ume bat lehen egunetik ikaskideei ostikoka aritzen zena etengabe. Konturatu nintzenean, ez nion bronkarik bota, eta ez nuen zigortu. Besterik gabe, berarengana joan eta irribarre zabal batekin botak kendu nizkion bera iristen ez zen leku batean gordetzeko. Ez zuen gehiago ostikadarik jo».

Mundiala iruditzen zait. Mundiala, eta irakaspen handi bat. Sentsazioa daukat maiz ez ote dugun energia gehiegi alferrik galtzen ulertu nahi ez dituenari gauzak ulertarazi nahian. Eta argi dagoena da ez daukagula energiarik sobran.

Nago borroka batzuk muturreko erredurarik sortu gabe irabazteko, epaitu, zigortu eztabaidatu eta konbentzitu bainoago, dena delakoari botak kentzen asmatu beharko genukeela; ahal bada, irribarre zabal batekin, gainera. Hitz egin dezagun zintzo: ia inor ez dago prest borondate filantropiko soilez bere jarrerak aldatu eta pribilegioak galtzeko. Geu ere ez gehienetan. Hitzak ahaztu egiten dira, diskurtsoak panfletatu. Eraginkortasunez lortu nahi baditugu gauzak, tresnak kendu behar dizkiegu ostikadaka tratatzen gaituztenei: botak lapurtu edo oinak moztu.

Berez oso erraza da: ez dizut esango ostikadarik ez jotzeko, ez zaitut konbentzitu nahi. Hori bai, jo behar duzunean kontuz jo, mesedez, akaso min handiagoa hartuko duzu eta, emango duzuna baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.