Ane Garcia Lopez.
MELE

Patata tortila

2021eko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Familia zabalarekin afaltzen ari ginen gure aitak egindako patata tortila, eta Prousten madalenarena gertatu zitzaidan. Epifania bat. Ederra zegoen tortila, samurra baina egina, patatak xafla finetan moztuta, zartagiaren erdian menditxo bat eginda erdi egosita eta erdi krux-krux, tipula ukituarekin. Zer esango dizuet, nire aitaren tortilak perfektuak dira.

Tira, Prousten epifaniarekin alderatu dut nirea, baina egia esan nire errebelazioa lur(sagar)tarragoa izan zen, eta ez zen heldu usain edo zaporearen eskutik. Ez. Senide artean hasi ginen tortila patata moten inguruan hizketan (nola ez), eta orduan ohartu nintzen: nire aitaren tortila defendatzen dudanean, daukadan argudio bakarra ohitura da.

Oihukatu nezake patata karratutxoetan moztea absurdoa dela, patata erdi gordin uzten duten horiek erotuta daudela, tipularik gabe patata tortila egiten duten horiek ez dutela ideia zipitzik. Edo idatz nezake alegatu luze bat, edo lan akademiko bat, zeinak, urtebeteko ikerketa lan zorrotzaren ostean, ondorioztatuko lukeen patata egiteko teknikarik onena dela zartagiaren erdian menditxo bat egitea, patata erregosita baina krux-krux geratu dadin. Geometria, fisika, antropologia, Basque Culinary Center. Baliabide guztiak erabili eta aurretik nekarren diskurtsora moldatzeko gai nintzateke.

Eta errebelazio horrek beldurra eta zirrara eragin zizkidan aldi berean. Elkarren ohiturak bata bestearen kontrako agertzen zaizkigunean, nola ezkutatzen dugun sakon-sakonean dagoena, hura zientziaz edo emozioz jantzita: txikitatik aritu garela gauza berbera jaten, eta ez dugula albokoaren platerean dagoena ulertu nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.