Ane Garcia Lopez.
MELE

Hitza eta ekintza

2021eko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Hemendik 20 urtera ikerlari batek eskatuko balit une historiko honetako gizartea hitz bakarraz definitzeko, frustrazioa erabiliko nuke. Izan ere, elkarren artean oso desberdinak diren jokabide eta jarreren erroan gauza bera ikusten dut: frustrazioaren kudeaketa kaxkarra. Zentzu horretan, ez dut desberdintasun handirik ikusten balkoiko polizia gisa ezagutzen ditugunen eta hau guztiau gezurra dela edo/eta norbaiten plan makurra dela sutsuki aldarrikatzen dutenen artean. Norbere frustrazioa kudeatzeko modu desberdinak dira: norbere beldurra beste norbaiti aurpegiratzeko bide ematen duten aukerak. Jarrera zurrun bati heltzea beti da errazagoa.

Uste dut, hala ere, gehiago garela erdibidean geratu garenak, txertoa ziurtasun erabatekorik gabe jarri dugunak, moral leziorik emateko zilegitasunik sentitzen ez dugunak, bizitzeko gogoz albokoak zaintzen saiatu garenak, enpatiaz jarduten ahalegindu garenak. Eta ez dakit esaten oso ongi atera zaigun kontua: batzuentzat malguegiak eta besteentzat mozolo oilobustiak gara. Gu, blandibluak. Gosaritan frustrazioa kafetan busti eta pixka bat disolba dadin uzten dugunak, errazagoa izan dadin datorren olatua nabigatzea.

Hitz eta ekintza eraginkorrak inoiz baina zailagoak dira, ia ezinezkoa da egiatik gertu dagoen hori destilatzea, eta egoeraren ardura guri egotzita, erakundeek gurekin nahi dutena egiten dutelako zalantzarik ez daukat. Baina frustrazioak ez du sekula fruitu ederregirik eman zurruntasuna hautatu duenean, eta, beraz, beste bide batzuetatik saiatu beharko dugu aldaezina omen den hau aldatzen. Nahiko nioke ikerlariari esan imajinaziodun gizarte altruista bat izan ginela, baina ez dut esperantza handirik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.