Xabier Landabidea Urresti.
MELE

Ludens

2021eko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Zer zara?ยป galderari lanbidearekin erantzun ohi zaion gizarteko semea naiz. Jaio nintzenerako gauzak horrela omen zeuden, eta, gure izarrari emandako itzuli guzti hauetan lan baldintzak okerrera joan diren arren, gauzak ez dira gehiegi aldatu.

Lan egiten dugu. Lanak egiten gaitu. Lana dugu ardatz eta gurpil. Planeta osoko pandemia baten erdian ere lanak eta languneek sakratutasun, bortxaezintasun aura bat gorde dute, birusak eta izpiritu txarrak kanpoan gordetzeko gaitasuna luketen santutegiak balira bezala. Lanak beste espazio fisikoen profanotasun materialaz haragoko zerbait du, futbolera bazoaz garraio publiko arriskutsua dena lanera bazoaz guztiz seguru bihurtzen duena.

Sarri gogoratzen naiz Conan filmaren hasieran agertzen zen Jorge Sanz aktorearekin, esklabo hartuta errotaren harria birarazten egunez egun... urtez urte. Filmean, hamaika urteko umea Arnold Schwarzenegger heldu gihartsu bilakatzen ikusiko dugu, denboraren elipsi zinematografiko artegagarri samar batean. Lanak (asto-lanak zehazki) egiten du Conan Conan pausoz pauso, ez ezpatak.

Edozelan ere, uste dut mende eta milurteko guzti hauetako berniza berniz ez dela lana benetan egiten gaituena, jolasa baizik. Jolasetik eraikitzen gara, ez beharretik, eta jolasak ematen dio benetan zentzua gure jardunari. Jolasean zentzuak dantzan jartzen ditugulako. Olgetan libre garelako.

Homo faber deitu diogu gure buruei, homo ludens garela ahaztu nahirik edo, eta beharbada horregatik ditugu arazoak egun zientziarekin eta magiarekin. Fantasiari lekurik utzi ez diogunez, bere lekua errealitatean hartzen hasi da, ibaiak lurra nola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.