Koldo Izagirre

Irakurle dohakabearen tupustakak

2020ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Erosketak aitzakiatzat, bihotza indartzeko ibilaldi politak egiten ditu. Politak, alegia, ez luze ez labur. Belaunak gozatu, grasak izerditu, birikak garbitu. Xenda osasungarriak izendatu dituzten horien antzekoak, baina hiri zoragarriaren barruan. Poltsa bilgarria zabaldu eta zamatu baino lehen, bai. Gustura dabil zapatariak Italiatik ekarrarazi omen dituen zola berriak atxiki zizkion ezkero bota zahar leunetan. Proba guztiak egin ditu zirimiri eta zaparrada, eta ez dira labaintzen espaloietako lauza kriminaletan.

Alabaina, tupust egiten du maiz.

Etxetik irten eta lehenengo zebrabidea zapaltzen doala marra zuriak ukitu gabe, Villa S cramento irakurri du. Jakina, euskaldun erdalduna izanik, Villa Escremento etorri zaio burura. Mojak, oroitzapen saminak. Ostia jan eta kaka egin, inoiz Leitzako kamioilari jator bati entzuna. Aspaldiko kontuak. Bere kakaren muestra bat analizatu behar zutela esateko gorotza aipatu zion medikuak. Aizu, ze uste duzu, ni ukuiluan jaioa naizela edo? Etxean, betaurrekoak jantzita, gorotza irakurri zuen berriz prospektuan.

Kakazaharra!

Pauso batzuk aitzinago bata zuriz jantzitako emakumezko gazteak ikusi ditu kalakan eta pipatzen, erresidentzietako langileok greban daudela dioen pankarta eskuan, enpresa ezagun batek kudeatutako egoitzaren sarreran. Ohartemana ez zeukan hitza ikusi du hantxe enpresaren izenaren azpian nabarmen, Gerozerlan. Erran gabe doa, lanak emanen ditu berak ere gero, ez oso gero egia esan. Ze lanak!, horixe garatu dio garunak. Lan eman ez ezik, lanbideak sortu ere bai. Soldata iraingarrikoak hala ere. Ez da harritzekoa greba egitea. Txaloka hasi behar luke, baina lotsatu. Hitz xelebrearen hasierako Gero hura Geriatriko izan liteke. Zera liteke! Halaxe da! Geriatriako Zerbitzu Lanak. Tristatu egin da, Geriatria hitzak ez dio onik egin. Zoramena oinez hiri zoragarrian. Trenbide gaineko zubia iraganik, AitaEtxe bekoz beko, Villa hau ere, Villa residencial para mayores, eta telefono zenbakia. Aita eta etxe, Aitaren etxea… Hori ere sortu zuen poeta ergel hark! Ondoko paretan itsatsia, hantxe, afixa berri bat. Etxejabeak ez dizu alokairua berritu nahi? Saiatu da letra xehea irakurtzen, baina ezin. Betaurrekoekin irten behar duela etxetik erabaki du. Akorduan eduki behar ordea. Ezagun bat hurbildu zaio, Aitona-Amonen Etxean ogigaineko bana dastatzera gomitatu du amorragarri ez besteak. Onak eta merkeak omen. Erretiratuen elkartea da Aitona-Amonen Etxea. Ez naiz amona, ezin dut sartu! Eta alde egin dio. Hura ere ez da aitona, baina sartu. Erretira, Erresidentzia… Erraustegi. Hainbeste tupustaka, min hartu du. Bihotzean edo. Erretasun bat, bai. Irakurtzeak ez dakar ezer onik.

Etxe aldera jo du osteratxoa laburtuz.

Trenbidearen beste aldetik, herriko taberna ikusi du, Zulo Zahar. Taberna aurreko terraza polita gaztez betea. Bistan denez, zaharrak zulora. Eldarnio batean ote dabilen, hasierako zebraren larruaren azkenera iritsi delarik giltzerdi egin du publizitate handi hartan Villa S cramento irakurtzen ahal dela ziurtatzeko. Harri eginda geratu da Villa S cramento izenaren azpian lehenago ikusi gabe utzi duena ikusita. Obretan ari dira aldameneko orubean —eraikuntzan, noski—, eta garabi berde luzeak kakoarekin jota, halako zerbait, hitzari lehen bi letrak apurtu: harren egoitza irakurri du, handi, garden. Mojen mendekua, zer bestela. Harrok janen zaitugu bizirik, eskremento.

Barka ezazu, ondo al zaude?

Erosketak egin gabe etxeratu da, leher eginda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.