Goiatz Labandibar.
MELE

Katu-jendea

2022ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Gaur Eider Rodriguezi haren hirugarren narrazio liburua izan zenaren izenburua lapurtuko diot katuak dauzkaten (edo, hobeki esan: katuak dauzkagun) jende horri buruz hitz egiteko.

Dikotomia sinpleetan banatzen dugu mundua. Patata tortilla, tipularekin edo gabe. Pizzan piƱa bai ala ez. Arrosa edo urdina. Hondartza edo mendia. Zientziak edo letrak. Negua edo uda. Filmak edo serieak. Txakurrak edo katuak, zer nahiago? Bat edo beste. Biak gustatzea ezinezkoa balitz bezala; edo alerik ere ez.

Sinplekeria horren baitan, nik beti erantzun izan dut txakurrak nahiago ditudala. Agian, etxean hurbilagotik ezagutu izan ditudalako edo amonak katuak lapurrak zirela esaten zuelako; baina orain hemen azaltzea gehiegi axola ez duen kontu praktiko batengatik, katu bat iritsi zen duela bi urte gure etxera. Eta katuen mundu zoragarria (titulu ederra litzateke Jean-Pierre Jeuneten film batentzako, ezta?) deskubritzen hasi nintzen. Katuen mundu liluragarri hori. La fabuleuse vie de Bruna.

Eta orduan hasi nintzen ulertzen katu-jendea. Madeiratik Lisboarako hegazkin-bidaia katu bat belaunetan egin zuen tipo hura. Xorroxingo ur-jauzira katua motxilan sartuta eraman zuen nerabea. Landetan sokatik paseatzen ari zen andrea.

Eta ordutik ari naiz bihurtzen ni neu ere katu-jendea. Eta orain, Instagramen eta Twitterren katuen bideoak aspertu gabe ikusten dituen hori naiz. Katuen argazkiak bidaltzen dituena Whatsappez. Katuei buruzko elkarrizketan katramilatzen dena.

Katu-jende hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.