Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Kultura Bizi aurretik, ikusi

Publizitatea

Kultura

Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finalaurrekoak

Bizi aurretik, ikusi

Ezinbestean, hasieratik bukaerara eutsi behar dio kontzentrazioari bertsolariak. Kanpoko faktoreek nahiz norbere buruarekiko amorrazioak saiotik ateratzera bultza dezakete, ordea, bat. Horregatik, gerta daitezkeen eta gertatuko diren horiek irudikatzen saiatzen dira aurrez, iritsitakoan ahalik eta gutxiena eragin diezaieten.
Barrura begira igarotzen dute saioa bertsolariek, hurrengo ariketarako prestatzen eta aurretik egindakoak errepasatzen.
Barrura begira igarotzen dute saioa bertsolariek, hurrengo ariketarako prestatzen eta aurretik egindakoak errepasatzen. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

2017-11-11 / Miren Garate

Aurreko astean, bat-batean, sekulako euri hotsa Mauleko pilotalekuan. Umeren baten negarra izaten da beste batzuetan. Antolakuntzak saio bakoitzaren aurretik errepikatzen du sakelakoak itzaltzeko, baina despistaturen bat egotea ere nahiko arrunta izaten da. Edo bertsolaria bakarka zer hiru bertso kantatu pentsatzen ari den bitartean, eztulka hasten da norbait, eta haren atzetik inguruko guztiak. Kanpoko faktore askok bultza dezakete kontzentrazioa galtzera bertsolaria. Norbere burua ere maiz bihurtzen zaio etsai, bereziki ariketaren bat gaizki ateraz gero. Halakoek ahalik eta gutxiena eragiteko ere prestatzen dira.

«Teknika bat izaten da zuk zeure burua imajinatzea horrelako egoera batean, entseatuta bezala izateko egoera hori, gero gertatzen bada, behin gainditu izan bazenu bezala erreakzionatzeko», azaldu du Iñaki Apalategik. Gerta daitezkeen gauza guztiak ezin imajinatu, ordea. «Zeure buruarekin hitz egiten ere jakin behar duzu, aldiro reset bat egin eta berriro hasten». Etxean egiten da lanketa horren zati bat, baina saioko egunean bertan, izaten da beste momentu bat ere gero datorrenari tenplea hartzen laguntzen duena. Antolatzaileen aginduz, ordubete lehenago bertaratu behar izaten dute bertsolariek kantatu beharreko lekura, eta orduantxe izaten dute oholtzarekin lehen kontaktua. «Gora igo eta lekua beteta nola geratuko den irudikatzea gustatzen zait, neure burua han kokatzea».

Lehen kontaktu horretan bertan erabakitzen dute batzuek zer leiho, poste edo jende multzori begira kantatu. Pertsona konkretu bati begiratzeak badu arriskua, aurpegi arraroa jarri duela irudituz gero, urduritu egin daitekeelako bertsolaria. «Jende bulto» bati kantatzea gustatzen zaio beasaindarrari, norabide jakin batera begira. «Hala, behintzat, igartzen dut jendearen erantzuna, keinuen bidez eta. Feedback hori garrantzitsua iruditzen zait, batzuetan gertatzen delako: bertso oso ona bota, baina jendearengana ez dela iritsi ikustea, eta zerbait aldatzea erabakitzea». Zumaiako kanporaketan, erdiko pasillo txikiari begira kantatu zuen gehienetan Miren Artetxek, nahiz eta kartzelatik itzuli zenean gorago begiratzeko esan behar izan zion bere buruari. «Bertsoa botatzera nindoanean, justu pertsona bat zegoen pasillo horretan eserita, begien pare-parean bezala nuen, distortsioa sortzen zidan. Eragiten dute halako gauzek».

Oraingoan, seguruena, saio aurretik ez dela oholtzara igoko dio, finalaurrekoetan 15:30erako hasten delako jendea aretora sartzen. Bazterretik begiratuko dio guneari. Hala ere, Apalategik bezala, egingo du bere burua saioan irudikatzeko ariketa. «Ni saiatzen naiz neure burua datorrenerako prestatzen, ze bestela oso zaila da ez hunkitzea». Akaso gertatuko diren gauza horiek bakarrik ez, ziur gertatuko direnak ere imajinatzen ditu. «Adibidez, esaten diot neure buruari: kartzelatik ateratzen naizenean egongo da tarte bat kartzelatik atera naizena baina oraindik jendearengana iritsi ez naizena; gero, egongo da tarte bat jendearengana ailegatu naizena, baina oraindik oholtzara ez. Eta oholtzan, gaia entzun aurretik, tarte bat egongo da».

Kartzelatik oholtzara arteko bide hori, aurrena, saio hasieran egiten dute sei bertsolariek elkarrekin, sintonia entzunez eta gai jartzailea aurretik dutela. Hura izaten da emoziorik handieneko momentuetako bat. Batzuek behera begira egiten dute ibilbide osoa. «Badakit zenbaitek nahiagoko lukeela beste nonbaitetik ateratzea. Niri ondo etortzen zait pasillo moduko hori, hala emozioak goian ditudala igotzen naizelako oholtzara», kontatu du Apalategik. Ez da bide osoan jendeari begira joaten, baina pare bat aldiz begiratzen dio publikoari. «Oilo ipurdi moduko bat sentitzen dut, eta pentsatzen dut: hemen egin beharra dago, zeure onena eman behar diezu, merezi dutelako».

Behin gora igo, agurrak bota, eta saio puntuagarria hasten denean, besteen ariketak entzun ere ez dituztela egiten esaten dute bertsolariek. «Aditu, aditzen dugu, baina guk dugun irudikapena askotan okerra izaten da». Artetxerentzat ere, batzuetan bai, baina beti ez dira erabat fidagarriak izaten norbere sentsazioak. «Kantatu aurretik zeure burua prestatzen ari zara, eta kantatu ondoren, nahi gabe ere, zeure burua ebaluatzen edo zeure buruari esaten uzteko ebaluazioak eta prestatzeko hurrengo ariketarako. Tarte horretan, jendea kantuan ari da, eta nahi duzu aditu, baina zeure buruarekin elkarrizketan ari zarenez, ez zara ari gainerakoak bezala aditzen, eta ez duzu zure inpresioez fidatu nahi izaten».

Isilik egon beharreko tarte horiek ere bakoitzak bere erara betetzen ditu. Apalategiren arabera, hau egiten dute batzuek zortziko handian aurreneko bikotean kantatzea egokituz gero: hurrengo bikoteen gaiak baliatu zortziko txikian pentsatzeko, hau da, gai horiekin zortziko txikian zer kantatuko luketen pentsatzen dute. «Nik halakorik ez dut egiten. Lehenengo bikotean ez banaiz, saiatzen naiz besteen gaiekin arrazoi batzuk pentsatzen, batez ere saio hasieran, berotzen joateko, baina erotu gabe, ze saio guztia horrela pasatuz gero, izugarrizko nekea hartzen da».

Ariketaren bat gaizki ateraz gero buelta ematen jakitea da beste gakoetako bat. «Hori nola egiten den jakingo banu... Berez, ahaztu egin behar da, bestela erabaki txarrak hartzeko arriskua dago». Hala ere, gauza bat egiten behintzat ahalegintzen da Apalategi: bere buruari esaten dio bertsolari batek goitik dituen sentsazioak eta publikoak behetik dituenak ez direla beti berdinak izaten, eta akaso bertsoak ez zirela norberak uste bezain txarrak izango.

Entrenamenduetan Aitor Sarriegirekin gertatutakoa kontatu du. Biek egin zuten bakarkako bana, eta biei bestearena askoz hobea iruditu zitzaien. «Ez ginen gezurretan ari, baina guk bagenekien zenbat sufritu genuen bertso horiek egiten; orduan, bakoitzari bereak txarrak iruditzen zitzaizkigun, testu onak izan arren». Txapelketan berdin gerta daitekeela dio: «Gure estutasunak publikoari ez zaizkio iristen».

Jendearen kokapena

Aretoa bera nolakoa den ere ez da txorakeria bat. Oholtzarekiko parez pare esertzen da jendea batzuetan (adibidez, Baigorrin); beste batzuetan, berriz, batzuk aurrez aurre eta besteak aldamenean eta goraka (Irunen bezala). Biharko saioa Durangoko Landako gunean izango da, eta han parez pare eseriko dira bertsozaleak, behean. Kanpoan jendea pasatzen ere ikusiko dute bertsolariek, eta eragiten die kezka puntu bat horrek. «Zenbat eta prestatuago egon kanpoko elementu horiek ez eragiteko, orduan eta hobeto. Saiatu behar duzu eragiten dizuten aldagai horiek neutralizatzen, eta, horretarako, nik egiten dudana da barrura begira egon», dio Artetxek.

Ez du oso argi nolako lekuak gustatzen zaizkion. «Badakit eragin egiten didala jendea kokatzeko moduak, baina txapelketan hainbesteko esperientziarik ez dudanez, ez dakit zerk egiten didan on eta zerk egiten didan kalte». Nolanahi ere, zenbait gauzaz jabetuta dago. «Lehen, irribarretsu egoten nintzen, jendeari begira, eta, orain, gutxiago egiten dut hori, uste dut ez hain adeitsu egoteak on egiten didala». Apalategiri areto «oso bertikalak» gustatzen zaizkio, «jendea parean izan eta oso gora egiten dutenak, publikoa gainean duzun sentsazioa ematen dutenak». Illunbe, kasu, asko gustatzen zaio.

Finalaurrekoen lehen itzulia amaituko da, bihar, Durangoko saioarekin. Artetxe eta Apalategiz gain, Jon Maiak, Aitor Mendiluzek, Oihana Iguaranek eta Miren Amurizak kantatuko dute. Aste hasieran amaitu ziren sarrerak, eta bi mila lagun inguru bilduko dira. Saioa amaitutakoan jakingo da zein sei bertsolarik ez duten egingo aurrera eta, gutxi gorabehera, BECeko langa non egon daitekeen.

Publizitatea

Sortu kontua
Miren Garate Miren Garate

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak